Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Lastoa eta bihia

Interneteko bideo biralen aro honetan, berriak ere biral bilakatzeko joera majo nagusitzen ari da. Aspertu arte entzun nuen joan den astean Ibarretxeren aburuz Estaturik gabeko zenbait nazio, tartean Euskal Herria, estatudunak izango direla 2030erako. Nonahi adi zitekeen Europako Banku Zentraleko presidentea konfetiz blaitu zuela ekintzaile alemaniar batek, eta haren espantuzko aurpegia egundokoa izan zela. Halaber, Pablo Iglesiasek “Game of Thrones” telesail entzutetsua oparitu ziola Espainiako erregeari, protokolokeriak pikutara bidalita. Eta?

Horien guztien berri izan nuen arakatu barik ez hedabideetan, ez sare sozialetan, hau da, beraiekin topo egin beste erremediorik ez nuen eduki. Nik eta, seguru asko, gainerako herritarrek. Asaldagarria iruditzen zait zer-nolako erraztasunez iristen diren gure belarrietara berritik gutxi samar duten burutazioak, pasadizo gutxi gorabehera bitxiak, edo, sarriegi, norbanakoek esandako burugabekeriak edo egindako hanka-sartzeak. Halakoak bihurtu ohi dituzte biral hedabideek, gogaitu arte errepikatuz, eta horietatik edanez herritarrek, ñimiñoena ere hiperbolera eramateko ahalmena duten sare sozialen bidez. Beharbada, unean uneko benetan garrantzitsuak, esan nahi baita mamiak, astunak eta aspergarriak herri xehearentzat, antza, albistegi serioetan-edo, ofizialetan-edo, behin plazaratuta nahikoa delakoan.

Seko larritzen hasteko modukoa deritzot jendeak pentsatzeari baduela gaurkotasunaren berri, sentitzeari ondo informatuta dagoela gertatzen direnen eta horien ondorioen gainean, informazio funtsezko, garrantzitsu, eragingarri eta eraikitzailea, asmo osoz xehatu ezean, hain dagoenean lausotua eta korapilatua, edo zuzenean manipulatua, komunikabide-katramila honetan.

Adibide bat jartzearren, duda izpirik ez daukat honezkero guztiok, nerabeak barne, jakingo dugula PSOEko buru Pedro Sanchezek abortuaren legearen erreforma partziala bozkatzean gauzaturiko aldrebeskeria –marka da, gero–. Zalantza daukat, ordea, nerabe horiek berberak, neskatilak bereziki, jakitun ote diren zer ezarpen inposatu dien, zelan baliatu da haietaz, boterean hilzorian dagoen alderdiak datozen hauteskundeetan boto ziztrin batzuk irabazteko helburu lotsagarriaz. Edo jabetzen diren zelan baliatzen diren oraindik emakumeon eskubideak zenbaiten joko politikoaren eta botere gose aseezinaren mesedetan.