Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Galduta

Ba al dago naufragioa baino galbide handiagorik? «Nosotrxs islas vagabundas». Pertsona multzoak, txalupa sastarretan, itsaso haserrean amaigabe. Bata bestearen atzetik. «Ez dira etorkinak, erbesteratuak baizik», dio kanta batean Fly Shit-ek. Milaka forma hartzen dituen miseriatik ihesi: gosea, pobrezia, gerra, gaixotasuna.

Pertsona multzoak, ehunka ikusi ditugu gaur ere telebistan. Gorpu. Itsasoan, uretan flotatzen. Labanaz jositako hesien gainetik saltatzen. Gorputz ebakiak. Haragi gorria. Galduta ikusi ditugu. «Zuek zuriok heriotzari beldurra diozue, baina gu han heriotzan bizi gara». Ispiluan ikusten dugu bestea. Pertsona horiek dira beste gu. Eta galduta sentitzen naiz.

Hesiak jarri ditugu, hesiaren beste aldean zer dagoen ikusi nahi ez dugulako. Baina egoskorra da errealitatea. Katastrofe humanitarioa dela, salbamendurako protokoloak ezarri behar direla, pertsonen trafikoarekin amaitu behar dela... Hesiak ez eraisteko hamaika azpijoko.

Afrikako hesiak. Eta Europako agintarien etxe zein kristalezko bulegoetako hesiak. Klaseak eta klaseak baitaude hemen, ez ahaztu. Kristalezko bulegoetan hesiak nola blindatu erabakitzen ari dira, merkatuari ateak nola ireki erabakitzen duten bitartean. Telebistan ez dugu ikusi hori.

A ze paradoxak. Liberalismo eta ekonomiarentzat mugak ezabatu behar direla diotenak dira bunkerretan gotortuta bizi direnak. Guztiak baitu hemen bere B aldea. Hara mundu askea eta aberatsa ekarri behar zuen globalizazioa. Mugak (batzuk) ezabatu. Dena erraustu. Eta berriz ere harresiak eraiki hondakinen azpian harrapatuta ez geratzeko.

Pribilegioak inork ez ditu bere borondatez utzi nahi, eta bestearen heriotza esplizitua edo inplizitua da kondena. Eutanafrika. Garapena ukatu, txalupak suntsitu, itsasoan hiltzen utzi edo euren herrietan gosez zein gaitzez hiltzen utzi. Heriotza, heriotza, heriotza eta heriotza. Beraz, ze arrazoi dago berriz ez saiatzeko?

Eta bitartean gu galduta. Zer egin ez dakigula.