Mikel Ibarguren
Kazetaria
JO PUNTUA

Absurdistan

Eta bai. Gauza batzuk ez dira inoiz aldatzen eta badirudi garai bateko euskaldunen aurkako esanak eta pentsamenduak betikotu egin direla Absurdistanen. Eta horrela, euskararen alde egiten dutenak jendaila dira, Arabako ahaldun nagusiarentzat. Eta talibanak garela ere entzun behar izan dugu, batasunoek genozidioa egin izan dutela. Entzun dugu ere etnian oinarritzen diren burujabetzak, independentziak zein erabakitze eskubideak ez dituela gustuko Mendia sozialisten buruak. Entzun diogu ere euskararen inposaketaren aurrean gaztelania hiztunek erakusten duten tolerantzia izugarria dela. Eta Podemoseko Euskadiko idazkari nagusiarentzat Kataluniako burujabetza prozesua ez da positiboa inorentzat. Independentzia hautu erradikalegia iruditzen zaio. Eta EBB-ko presidenteari, «herriz, herri, aberri» ibili ostean, entzun diogu independentzia kontzeptu nahiko erlatiboa dela. Europan independentzia zein burujabetza bezalako terminoak auzitan omen daudela, bezperan Europako zeruan izar bat izatea amesten duela esan eta gero «ezinezkoarekin amesten duenak soilik lortzen baitu ezinezkoa dena gauzatzea». Eta Ortuzarren erlatibitatearen teoriak huts egiten ez badu, behintzat, agian Euskadi herrialde independentea izango da 2030ean, lehendakari ohiak esan bezala.

Eta Espainiako Historiako Errege Akademiako zuzendaria ere entzun dugu nazionalismoei lotutako leienda beltzei buruz argibideak ematen. Eta Hezkuntza ez bada denentzat berdina historiaren faltsutze larri baten aurrean geundekeela esan du. Eta hori bai, proetarrak instituzioetan egotea adibide txarra dela. Eta Donostiako udaletxean bandera errepublikanoa ipintzea delitua ote den ikertzeko agindu du Urquijo Espainiako prefetak. Eta Guardia Zibilak olentzeroak ez ezik, arrano beltzak ere lapurtzen dihardu. Eta presoen senideak kuarteletara joateko zitazioak bidaltzen ditu. Eta Ziburuko auzapezak eskopeta hartu eta tiroka hasteko gogoa izan du. Eta Uztaritzeko herriko etxea auzitara eraman dute euskaraz bizitzea deliberatu duelako. Eta hau eta beste.

Eta askok pentsatu arren hau ez da zoologikoa edo zirkua. Esan dizuet, hau Absurdistan da. Arrazoi zuen Joxe Azurmendik.