Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Agindu

Larramendiri botoa ematen ziotenei legatz bat agindu genien. Mordoa banatu bagenituen ere hauteskundeak galdu genituen. Baliteke besteek bi agindu izana. Hauteskundeak horrela egiten zirelako». Azken boladan ezin ken nitzake burutik Antonio Lizarzak “Memorias de la conspiración: 1931-1936” liburuan idatzitako berbok.

Hauteskunde urtea da eta hedabideak irakurtzea gero eta lan nekezagoa iruditzen zait alzheimerrik ez dugunontzat. Boterean daudenek beraien soldatapekoek egindako inkesta eta datu estatistikoen interpretazioan oinarritutako etorkizun hobea agintzen digute. Eta niri Erdi Aroko augurioetan oinarritutako erregealdiak datozkit burura.

Oraingo zenbakiek lehengo txori eta zeruko seinaleen lekuan eraginkortasun berbera dute etorkizuna iragartzeko, eta gure gizarteak, orduko gaitasun kritiko berdintsua. Langileria behin eta berriz traizionatu dutenek gizarte babesa agintzen digute. Eta nik ezin ahaztu, euren alderdia sortu zuen morroi bera izen berarekin berpiztu dela saldukeriez gogaiturik.

Agertu berriek agintzen zuten erdia agintzen dute dagoeneko. Daroaten abiaduran baliteke urte amaierarako orain urtebete agindu zigutenaren aurkakoa agintzen hastea. Nazioarteko kultura proiektuetan buruzagitza euskaldunik bermatzeko gai izan ez direnek euskararen aldeko diru laguntza handiagoak agintzen dizkigute (euskalgintza profesionalaren analisi gordina). Eta ni, designazio politikorik gabeko langileen lan jardunaldi amaiezinez oroitzen naiz.

Zorionez, beste behin ere, jakintsuen testuetan bilatzen nituen kontzeptuak euskarazko hitzen esanguran aurkitu ditut. Tamalgarria da gramatikoki gutxienez elebidunak bagara ere, semantikoki elebakarrak izatea.

Hau da, «gaur» esaten dugunean «hoy» esaten dugula pentsatzea, «gau hau(r)» esaten gabiltzanean. Hala ez balitz, aspaldi konturatuko ginatekeen agintzea zer den, eta berbaren bi esangurak, hitza eman eta betearaztea, banaezinak direla.