Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Auzitegiko medikuak «forentse» direnean

Miguel Gila espainiar umorista apartak, bere pasadizoetako batean, Jack the Ripper (Jack Tripa-urratzailea) atxilotu zuenekoa kontatu ohi zuen. Kalean gizon bat agertu omen zen, «lo antzean», eta auzitegiko medikuari deitu zioten. Tira, hura «ez zen ez sendagile ez ezer», baina Ford bat zuenez, forentse esaten zioten. Delako auzitegiko mediku hura lasterka iritsi omen zen, kaleko gizonari giltzurrunetan sei ostiko jo eta esan omen zuen: «Edo hilda dago edo sekulako erresistentzia du astakilo ez besteak». Hilda zegoen.

Duela hiru egun, astelehenean, Madrilgo Auzitegi Nazionalean Iruñerriko hamar gazteren aurkako epaiketaren lehenengo saioa izan zen. Auzitegi horretan beste askotan legez, akusatuek jasandako tortura salaketek hasi zuten epaiketa. Gazte horietako batek kontatu zuen nola auzitegiko medikuari esan zion saihets-hezurretan min zuela jasotako kolpeen ondorioz. Forentseak, ez dakigu zer auto mota zuen, berehala konpondu zuen gaztearen arazoa: min hori gauean jarrera txarrean lo egin zuelako zuen. Eta kalabozora bidali zuen atzera berriro.

Francisco Etxeberria ahoan bilorik gabe mintzatu zen egunkari honekin epaileez eta auzitegiko medikuez, berak ezagutu zuenaz: auzitegiko medikuek «garai hartan, eta ondorengo denboraldi osoan ere esan liteke, ez zuten ez etikari ez deontologiari dagokien eran jarduten, dagokien gutxieneko esfortzua ere ez zuten egiten». Torturaren estaltzaile.

Madrilen epaitzen ari diren beste gazte batek bere atxiloketaren ondoren aurkeztutako salaketa ez ikertzeagatik –Auzitegi Konstituzionalaren oniritziarekin–, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainola zigortu zuen iaz, lehenago beste hainbatetan bezala, joan den asteartean bezala. Hala ere, epaitzen ari dira gaztea, polizia-etxean egindako deklarazioan oinarrituta.

Eta epaile eta auzitegi mediku horiek zerbitzatzen omen duten justiziak hor dirau, «lo antzean» eta ostikatuta.