Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zer egonkortu nahi estabilitateak?

Esan egiten da, entzun sikiera, Karibeko tximeleta batek udazkenean hegalak gogor astintzen dituenean lurra ikaratu egiten dela handik gutxira Papua Gineako hegoaldean. Esan gura baita planeta honetan diren mundu guztiak elkarlotuta daudela, batera edo bestera. Kasualitate gutxi, kausalitate asko. Gaurko horko erabakien biharko hango ondorioak aurreikusiak izaten ez badira ere, kausalitatea nagusi bulegoetan. Ama, ama! Birpentsatu behar da den-dena, hiztegitik hasita. Horra, kasuko, harremanak! Batzuek hor hartu eta besteek han eman, ez dutena ere ematera behartuta, horri esaten zaio “harremana”. Tira! Zertara egin dut atariko hau?

Egia esan antxoaren biomasa gura nuen lotu pneumokoko zer horrekin, tximeletarena baliatuz; eta Euskalmet eta Euskaltel lotu ere, horrek Nafarroan ziklogenesia iragarri eta honek burtsan bilatu aterpea, “gure esku dago” adiera bere egiten. Ari naiz gidoitik ateratzen ... baina, hara!, kable bat gurutzatu zait buruan eta batasunaz gura dut orain hausnartu, labeleko larreko behia banintz modura.

Batasuna, bai. Beti begitandu zait berba misteriotsua, demontrezkoa. Hain da zabala horren adiera! Herri edo Europa izan ez delako batasun bera. Are gutxiago Katalunian, non gauzak argitzen doazen. Batasuna “bat”-etik datorrela? Bai zera, kimera esango lukeela monarkaren batek! Horra adibidea, ezker batuarena! Amazoniako biodibertsitatea baino handiagoa zen ezker horren “asmodibertsitatea”. Diferentzia handi batekin, Amazoniakoak modu harmonikoan bizirauten duela. Hortxe iraunkortasunaren oinarria, berezko harmonia.

Horra ere hiztegiaren beste huskeria, estabilitatea! Bai, instituzioen oihan transgenikokoa. Baina bada erantzun beharreko funtsezko galdera: zer da egonkortu nahi dutena? Ez azken lau urtekoa sikiera. Eskerrik asko ala ezkerrik asko, horixe jokoan. Mundu guztietan.