GARA
GASTEIZ

Prekaritatea salatu dute sindikatuek Arabako patronalaren egoitza aurrean

Joan den ostiralean Gasteizen lan istripu baten ondorioz izandako heriotza salatzeko elkarretaratzea egin zuten sindikatu nagusiek SEA patronalaren aurrean. Gasteizko Udalak halako ezbeharrak gerta ez daitezen prebentzioa indartu behar dela azpimarratu zuen.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo Gasteizen, SEA Arabako Enpresaburuen Elkartearen egoitza aurrean, ostiralean AFF enpresan lan istripuz hil zen 34 urteko beharginaren heriotza salatzeko.

ELA sindikatuko ordezkari Begoña Vazquezek, kazetariei eginiko adierazpenetan, dei egin zion Lakuako Gobernuari lan ikuskapen arloan «dagokion lana» egin dezan eta halako istripurik gehiago gerta ez dadin.

Era honetan, Iñigo Urkulluren gobernuari eskatu dio «prekaritate egoerak eten ditzatela exijitu diezaiela enpresei», hori baita, beren esanetan, lan istripuen arrazoi nagusia.

LABek emandako datuen arabera, urtea hasi denetik 35 dira lanean ari zirela hildako langileak. «Horrek argi uzten du, berriro ere, azken urteetan hartu diren erabakiek gure lan baldintzen okertzea baino ez dutela ekarri. Heriotzara kondenatzen gaituen eredu bat inposatu digute, eta kasurik onenean bizitza duina ezinezko egiten duten baldintzetan bizitzera kondenatu gaituzte», salatu zuen sindikatuak.

Ildo horretan, instituzioei eta patronalei dei egin zien halako gertakariak errepika ez daitezen neurriak har ditzaten: «Ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, paperean geratzen diren planak egiten jarraitu. Erabaki politikoak hartu behar dituzte egungo lan harreman eredua errotik aldatzeko».

Gasteizko Udala

Bestalde, azken heriotza hau salatzeko adierazpen instituzionala onartu zuen atzo Gasteizko Udalak, eta lan istripuei aurre egiteko ikuskapenak hobetzea behar-beharrezkoa dela nabarmendu zuen.

Udalaren ustez, lan arloko segurtasuna lehentasuna izan behar da eta horregatik lan osasun eta segurtasunaren inguruko kanpainak bultzatzea ezinbestekoa dela azaldu zuen. Horrez gain, arriskuak saihesteko arauak betearazi behar direla ohartarazi zuen. Ildo horretan, enpresei eta langileei dei egin zien prebentzio lan horretan arduraz jokatzeko.

Instituzioei ere zuzentzen zaio, lan administrazioarekin, patronalekin eta sindikatuekin batera, prebentzio praktikak bultzatzeko proiektuetan parte har dezaten. Era berean, segurtasunaren eta osasunaren kontrako delituen jarraipena egitea ezinbestekoa dela azpimarratu zuen eta horretarako inspekzio lanak hobetzea funtsezkoa dela adierazi zuen.

«Lan istripuak kosta ahala kosta saihestu behar dira, guztiaren gainetik lan arloko segurtasunak lehentasuna izan behar duelako», aipatu zuen Udalak bere adierazpenean.