GARA
ZARAUTZ

Argazkigintza eta komikigintza uztartu ditu Gascak Zarautzen

«Argazkigintza Komikigintza» izenburua duen Luis Gascaren erakusketa ikusgai egongo da Zarauzko Photomuseumen irailaren 13ra arte. Irudikapen desberdinak bildu ditu hamar ataletan, argazkigintzaren eta komikigintzaren ikuspegi panoramikoa eskainita ikusleari.

Luis Gascaren “Argazkigintza Komikigintza” izenburua duen erakusketa ikusgai dago Zarauzko Photomuseum aretoan datorren irailaren 13ra arte.

Gascak, komiki gaietan aditua den donostiarrak, Koldo Mitxelena Kulturuneko Komikigune zerbitzuaren funtsean oinarrituta espresuki prestatu duen erakusketa da Photomuseumekoa, komikiek eskain ditzaketen alderdietatik bat jasota. Izan ere, gai sorta zabala eskaintzen du komikigintzak, eta horren isla da argitalpenen ugaritasuna, kiosko eta liburu-dendetan ez ezik, erakusketa eta museoetan ere lekua dutenak.

Komiki, zinema eta beste adierazpen artistikoenganako pasioak XX. mendeko herri kulturarekin harreman estua izatera eraman du artista.

Zarautzen ikusgai dagoen erakusketaren helburua da argazkilariak istoriotxo grafikoetan irudikatzeko erabili izan diren modu askotariko batzuk eskaintzea, ikusleak kontuan har ditzan. Izan ere, tratamendu biografikoak edota argazkigintzan jarduteko modu ezberdinak aurki daitezke: zale, profesional, gerra berriemaile edota kale argazkilari moduan.

Gascak irudikapen desberdin horiek bildu ditu hamar ataletan, eta horrela, argazkigintza eta komikigintza uztartzen dituen mundu aberats horren ikuspegi panoramikoa eskaintzen dio ikusleari.

Aldaera ugari

Euskaraz nahiz gaztelaniaz hitz anglofonoak erabiltzea ez da kontu berria. Egun, eguneroko hizkeran ingelesaren ekarpena izugarri hazi da.

Onartu behar da gaztelaniazko eta euskarazko hiztegietan luzaroan «komiki» hitzaren esanahia jasotzen zuen hitza ez izateak tebeo adierazpena erabiltzea ekarri zuela, 1917tik 1998ra Estatu espainolean gaztelaniaz argitaratzen zuten “TBO” astekariaren izena hartuta. Hitz hark, ordea, ez zuen zehatz-mehatz «komiki» hitzari dagozkion aldaera guztiak biltzen. Horrela jaio dira beste zenbait hitz komunikabideetan eta herriko hiztegian sustraitu direnak, eleberri edo nobela grafikoa esaterako. Komiki adituei tebeo adierazpena baino egokiagoak iruditu zaizkien hitzak izan dira.

Erakusketa asteartetik igandera dago ikusgai (10.00-14.00 eta 17.00-20.00). Sarrera arrunta 6 euroan eta murriztua 3 euroan eskuratu daiteke, eta asteazken eta ostiraletan sarrera doakoa dela jakinarazi dute.