Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Galbahearen beharra

Paperak aurrera eta atzera, ilustratu nahian. Nire «buru-egunkari» bien paperak. Berri batzuk, zaharrak izan arren, burmuineko apaletan sailkatu, galbahetik pasarazita, garaua eta lastoa bereizte aldera. Beste batzuk artezean paperontzira, erreziklagai, biharko bestelako berrien sorburu. Eta beste batzuk begien aurrera ekarri ez. Halaxe joaten da egunero egunkarien gaineko nire begirada. Amen. Hara! Usadio zaharra berri! Urbiako larreetatik Uribe Kostako itsasalderako bidea egin artzain batek 250 bururekin, berea kontatu gabe seguruenik. Transhumantzia. Usadiotan, iragana eta geroa gogoetagai. Lehengo usadio batzuek gaurkoan usatzen segitzea ditxosozko innobazio moduan ere hartu zitekeelako. Kolpea, gero!, artaldea errepidetik ikustea! Innobazio hartu beharko genuke autobideetako errei bat artaldeentzat lehenestea. Orduantxe hasiko nintzateke ni batzuen jasangarritasunean sinesten. Baina nago ni hori baino lehenago ikusiko ditudala artaldeentzat aparteko ordainlekuak errepideetan jarrita.

Tira, harira! Nafarroan izan da momentuz azkena den ate birakarien kasua. Egia esan, garai batean komunitate forala aurrelari izan zen energia berriztagarrien bultzadan, garaiko haizeak baliatuta, gerora atzelari bihurtu bazen ere, konpainia txarren eraginez. Eta orain, oposiziotik nahi dute aritu, ateak biratuz sortu daitekeen energia eurentzat baliatuta. Behin eta berriz biratuta, berriztagarria izango delakoan. Bada ez, ate barik haizea indartsuago dabil, eta, hori bai, berriztagarri!

Hiruko autonomia foralean, ostera, teknologia berri bat aurkeztu dute, motor elektrikoa gurpilean bertan jarrita autoan espazioa irabazteko. Amen. Artaldeak garraiatzeko espazioa ote? Determinatzeko autoa ote...? Teknologiak erantzun batzuk eman ditzake, baina ezin galdera bat ere egin!