Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Errusiako Urrezko Pioleta Tian Shan ukitu gabean geratu da

Sari nagusia Sergei Nilov, Dmitry Golovchenko eta Dmitry Grigorievek jaso dute Sedoy Strazh mendian (5.481 m) eginiko lehenigoerarengatik. Sei eguneko jardueran 1.835 metroko marra zabaldu zuten, eta errusiar eskalan 6B zailtasuna du.

Abenduaren 5ean, Errusiako Urrezko Pioletaren sari-banaketa ekitaldi nagusia izan zen. Eta ohi den legez, gure ingurumarian bederen, ia oharkabean igaro da. Jakin badakigu, benetako sona duen saria Frantziako Urrezko Pioleta izaten dela; eta Errusiakoak zein Asiakoak beste “maila” batean jokatzen dutela. Horren arrazoiak asko dira, baina agian garrantzitsuena da Frantziakoak nazioarteko kutsua duela. Beste era batera esanda, sari horietan parte hartzen dutenak mundu mailan izan diren alpinismoko jarduera onenak izaten dira. Errusiarrak zein asiarrak, berriz, etxekoek eginiko eskaladetara mugatzen dira.

Hori guztia aipatzeaz gain, esan behar dugu Errusiakoan hautagai askoren izenak ezezagunak direla. Baita, hein handi batean ere, eskalatzen dituzten mendiak.

Eta horren isla dira aurtengo irabazleen izenak eta igotako mendia. Alpinistak honakoak izan dira: Sergei Nilov, Dmitry Golovchenko eta Dmitry Grigoriev. Eskarmentu handikoak dira, eta orrialdeotatik behin edo behin pasatu dira. Baina, aurreratu dugun bezala, mundu mailan ez dira oso ezagunak.

Aukeratutako zein sinatutako xedea, berriz, Sedoy Strazh mendia (5.481 m) izan da. Horrela aipatuta, lasai asko esan dezakegu erabat galduta gaudela. Bada, bost milako hori kokatu ahal izateko, Kok-Shaal-eko mendebaldeko mendigunera joan beharko dugu. Eremu hori Tian Shan-eko mendilerroaren erdian kokatuta dago; Issyk-Kul lakua eta Taklamakan basamortuaren artean. Hain justu, Kirgizistanen eta Txinaren arteko mugan.

Horrela bada, mendigune arras ezezagun baten aurrean gaude. Mendi haietara espedizioak egin izan dira, baina lerrootako protagonistek dioten modura, esploratzeko asko dago; hots, makina bat gailur igo gabe daude. Talde gehienek, gainera, mendiguneko tontor garaiena, White mendia (5.694 m) aukeratzen dute. Eta onartu beharra dago, gehiegi ez badira ere, nazioarteko hainbat espediziok gune horretan jardun dutela. Horien artean dira Mike Libecki estatubatuarra, Zeelanda Berriko Paul Knott...

Nilov, Golovchenko eta Grigoriev, aldiz, esploratzen izan dira. Eta horregatik eta eginiko jarduera gogorrarengatik, Urrezko Pioleta jaso dute. Hirukoteak Sedoy Strazh mendiaren lehen igoera egin eta ekialdeko aurpegian “Devjaty Val” bidea zabaldu du. 1.835 metro luze da eta errusiar eskalan 6B zailtasuna du. Hau da, eskala horretan egun dagoen gradu gorena. Ia bi kilometroko eskalada hori egin ahal izateko, talde errusiarrak bost egun behar izan zituen; abuztuaren 16an hasi eta 20an tontorra zapaldu zuen. Jaitsierak, berriz, beste egun bat eskatu zien.

Protagonistok adierazi dutenez, xedearen inguruko lehen informazioak duela sei urte jaso zituzten: «2009. urtean, Nikolai Bandaletek gidatutako errusiarrez eta bielorrusiarrez osatutako espedizio batek Kyzil-Asker mendian jardun zuen. Orduan, Belvi izeneko mendia lehen aldiz entzun genuen. Hain zuen ere, Kok-Shaal-eko mendebaldeko mendigunean igo gabe zegoen gailur garaiena zen. Iaz, Kyzil Asker mendian hasitako bidea bukatzera joan ginen, eta hari esker Errusiako Alpinismoko Txapelketa irabazi genuen. Jakina, eskalada hori egin eta gero ingurumari hartako mendiekin eta batez ere Belvirekin amesten hasi ginen. Belviko eskualdera egin behar genuen espediziorako Moskuko Mendi Federazioak diru laguntza eman zigun. Eta egun horretan lehen urratsa egin genuen. Baina, herrialdea jasaten ari zen krisia zela-eta, azkenean beste kide batzuk animatu genituen espedizioa aurrera atera ahal izateko».

Buruhausteak konpondu ondoren, azkenean eskualde horretara bederatzi alpinista abiatu ziren. Belviren inguruan informazioa jasotzen ari zirela, hirukotea ohartu zen 2011. urtean talde esloveniar batek mendi hori igo zuela. Hori ikusita, Nilov, Golovchenko eta Grigorievek 5.481 metroko garaiera duen mendi bat, Sedoy Strazh, aukeratu zuten. Antza denez, mendi horrek hiruzpalau saio izan ditu, baina helburu nagusia, gailurrarena, oraindik erdietsi gabe zegoen.

Lehen igoera

Esan dugun bezala, espedizioan bederatzi alpinistak hartu zuten parte. Bidean, lehen igoera asko poltsikoratu zituzten: Tashgul (4.585 m), Gorin (5.020 m), Panvati Druzev (4.990 m), Chudo (5.100 m), Prozrachava (5.070 m) eta Pogranichnik (5.270 m). Baina gailur horietatik guztietatik protagonismo berezia hartu zuena Sedoy Strazh mendiaren lehen igoera izan zen; hain zuzen, Errusiako Urrezko Pioleta jaso duena.

Nilov, Golovchenko eta Grigorievek mendiaren ekialdeko aurpegian “Devjaty Val” marra sortu zuten. Luzea, oso luzea: 1.835 metroko ibilbidea. Eta zailtasun teknikoak ere gogorrak izan ziren: izotzean 85° (gehienez) eta arrokan VI eta A2. Eskalada ia guztian izotza, elurra, eta arroka partekatuz. Zailtasun guztiak batu ondoren, errusiar eskalan 6B gradua proposatu dute. Gure eskalan ABO izan zitekeena.

Eskaladaren bost egunetan lan eskerga egin behar izan zuten; izan ere, hirukote errusiarrak 26 luze igo zituen. Protagonistek aurreratu dutenez, pareta oso tentea da: «Lehen bost luzeak ez dira oso zailak. Seigarrenean, berriz, hiru aukera aztertu behar izan genituen: couloir batetik igo, tximinia batetik segitu edo ezproi batera jo. Azkenean tximinian bi luze (90 metro guztira) eskalatu genituen: 85°, VI eta A2. Hurrengo lau luzeak ere gogorrak izan ziren. Tarte batzuk plakak ziren eta besteak artesiak. Guztietan ala guztietan artifizialean igo genuen. Berriro ere A2 zailtasuneko luzeak. Kontrahorman ere gogor estutu behar izan genuen, batez ere aseguratzeko garaian. Plataforma batera iritsi ginen, eta handik nahiko hauskorra zeuden plaketatik eta artesietatik eskalatu genuen. Hamazazpigarren luzean tximinia handi batera heldu ginen, eta han gailurreko dorrea zeharkatu genuen. Tximinia bukatu eta 21. luzean sabai batekin egin genuen topo. Azken luzeak, berriz, izotzean egin genituen, eta azken metroak elurretan izan ziren».

Protagonistok baieztatu dute aukeratutako xedea ederra izateaz gain zaila izan dela: «Mendigunera abiatu aurretik, argazki asko aztertu genituen. Hori egin eta gero, eskalatu dugun mendian agerikoa den bide zuzen bat zabaldu dugu. Eskalatu behar genuen marra Moskun bertan aldatu genuen; izan ere, ez genuen uste oso segurua zenik. Zailtasun teknikoei dagokienez, uste dugu sortutako proposamena zaila dela. Zailtasun handienak kontrahorman aurkitu genituen. Bederen, sekzio horretan arroka oso sendoa zen. Eskerrak artesi sistema egoki bat aurkitu genuela! Horretaz guztiaz gain, indarrean jarritako estiloari garrantzia ematen diogu. Arin joateaz gain, uste dugu eginiko eskalada azkarra izan dela. Mendiaren baldintzak ona ziren, baina perfektuak ez. Lortutako emaitza bikaina izan da, eta horrek hurrengo helburuetarako indar gehiago emango digu».