Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Mugimendua, mugitzean

Aupa! Bai, berdin zuri ere! Tira! Kostata baina badoaz egunok. Normaltasuna ei den horretarako bidean gara bueltan, giro transgenikoa atzean utzita. Errepide bazterreko zakarrontziak ere, beirazkoak, plastikozkoak eta kartoizko zerak batzeko (edo botatzeko, Jainkoak baleki!) diren horiek, ohiko itxura hartzen hastekotan dira, ostera ere, hara eroan guztia barrura sartzeko moduko itxura. Normaltasuna, edo. Eta aurton ere, neure buruari egunotan urtero egin galdera egin berri diot, pentsaeraz egin ere, ez hitzetan (ezezagunei ez dakit zenbat zentimo minutuko ez ordaintzearren): non dira, urteen arteko honetan, bazter guztiak betetzen dituzten pertsonek fisikazko logika batean hustu behar izan dituzten lekuak? E? Non demontre? Eta balizko horretan zakarrontziak zelan egun hauetan?

Fisika politika esaten den eremura eroan beharra dagoen seinale. Mugimenduak pentsaeran hasi eta hitzetan segitzen badu ere mugitzean hartzen baitu bere zentzu osoa. Bidea egiten. Bidean bazterrik bazter eragiten, sano. Aldaketak helbide. Ez baita gauza bera, ezta hurrik eman ere, mugimendua aldatzailea izan edo aldakorra izan. Horretan ere fisika ikasgai. Eta matematika bera ere, behar. Ez, ez nago orain asanblada bateko boto-balantzea kasualitatea ala kausalitatea zer izan zitekeen kontu horretaz, nork bere balantza; beste gauza batez nago, baldintza batzuk beharrezkoak izanda ere nahikoak ez direla, bada horretaz.

Baina zenbakien munduak mugak ditu mugimenduen alde kualitatiboak ganoraz kontsideratzeko. Horretarako kimika behar da, usaimenaren zorrotzean lagungarri. Zabortegi batetik ateratzeko, nahitaez, zaborra tarte batean bidaide. Eta geologia ere behar, harriak mugitu behar diren honetan eskuhaga. Eta nekazaritza, aldaketak elikatzeko. Eta soziologia. Eta lanbide heziketa…