Jon LEUNDA
PILOTA

Ducassou da faboritoa

Peio Larralderen aurka arituko da bihar eguerdian Baionako Modernen jokatuko den finalean

Battitte Ducassouk eta Peio Larraldek jokatuko dute Berezkoen Buruz Buruko finala bihar, 11.00etan, Baionako Moderne trinketean. Orain dela hilabete eta erdi jokatu zen Superprestigioko finala errepikatu egingo da. Orduan Larraldek irabazi zuen, nahiz eta dirua oso nabarmen atera zen Ducassouren alde. Orain, berriro ere Ducassouren aldeko joera argia dauka diruak, nahiz eta horrek ez dion garaipenik emango.

Bi pilotariek orain arteko ibilbidea erraz egin dute. Garbi ikusi da euren eta besteen artean alde nabarmena dagoela. Biek 20 urte pasa berriak dituzte, baina egun ez dute aurkaririk, eta bizitza handia eman diote trinketeko esku pilota profesionalari. Jendeak ikusi egin nahi ditu, eta biharko finalerako ere sarrera guztiak agortuta daude, ez da bat bera ere geratzen.

Biak final-laurdenetan sartu ziren, eta hasieratik ikusi zen beraiei irabaztea oso zaila izango zela. Larraldek Ezkurra utzi zuen bazterrean 40 eta 32 irabazita, eta Ducassouk, aldiz, 40-24 menderatu zuen Amulet. Finalerdietan ere ez zuten askoz arazo gehiago izan, eta oso erraz egin dute aurrera. Larraldek 40-26 menperatu zuen Waltari, eta Ducasouk 40-18 Bilbao. Orain dela hilabete eta erdi bezalaxe, biak elkarren aurka arituko dira final batean.

«Ducassou ikusten dut faborito. Biak daude ongi, biek egingo dute lan ona, baina Ducassouri partida bat irabaztea oso zaila da. Larralde ere artista bat da, baina segur aski oraingoan Ducassou menperatzeko gehiago beharko du», esan du Jean Battitte Garatek. Bera txapeldun handia izandakoa da eta, egun, pilotariak entrenatzeaz gain, euskal irratietan pilota partidetako aditu bezala ere aritzen da.

Garatek garbi dauka, biharkoak ez duela Superprestigiokoarekin zerikusirik izango. «Hura beste kontu bat izan zen. Orduan Ducassouk familiako arazo latz bat zeukan, baina zorionez hura konpondu zaio, edo konpontzeko bidean du. Orduan ez zuen berak dakien hori egin, baina oraingoan bai, oso sartuta dago eta nik faborito ikusten dut», adierazi du. Garatek garbi dauka, bi finalistak direla egun trinketeko esku pilota profesinalean dauden onenak. «Ez dago zalantzarik, bi onenak dira. Gainerakoei koska bat edo gehiago ateratzen diete, elkarren aurka aritu ezean biak finalean izatea zen normalena», azaldu du.

Pilotari ohiaren ustetan, duten adina kontuan hartuta, urte askotako finala izan omen daiteke gaurkoa. «Une honetan biak dira oso gazteak eta minik hartzen ez badute, uste dut urte askotan izango direla elkarren aurkako finalak. Gazte gehiago ere etorri dira onak, baina ez dute euren mailarik». Ez dira gazte bakarrak; beste bi edo hiru ere badaude, eta horrek berriro ere ikusleak erakarri ditu.