GARA
TEL AVIV

Olmert Israelgo lehen ministro ohia ustelkeriagatik kartzelatu dute

Ehud Olmert Israelgo lehen ministro ohia atzo sartu zuten herrialdeko espetxe batera, ustelkeriarekin lotutako kasu batean nahastuta egoteagatik eta Justizia administrazioaren lana oztopatzeagatik hemeretzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri ondoren. Bera da espetxean sartzen duten potentzia okupatzaileko lehen gobernuburua.

Tel Aviv hiriburutik gertu dago Maasiyahuko espetxea, Ramla herrian. Barne Segurtasun zerbitzuko kideen laguntzarekin iritsi zen lehen ministro ohia, izan zuen karguaren eraginez kontuz hartzeko informazio ugari duelako.

Beraz, Olmertek ez du beste presoen tratu bera jasoko eta eremu berezi batean edukiko dute, Moshe Katsav presidente ohiarekin (zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten bortxaketa batzuen harira) batera. Bizimodua erabat aldatuko zaio Maasiyahun, negozio abokatu ohiak luxuzko produktuak kontsumitzea, arroparik garestiena janztea eta jatetxerik onenak bisitatzea gustuko izaten baitzuen, eta hemendik aurrera ez du horrelakorik izango.

Hori bai, bere baldintzak ezin dira preso gehienek, batez ere palestinarrek, dituztenekin alderatu. Bera edukiko duten eremuan hemezortzi lagunentzako dago tokia: sei gela, bakoitza hiru oherekin, dutxa, komuna, armairua, mahaia, aulkiak eta kate jakin batzuk baino eskaintzen ez dituen telebista. Korridorean telefonoak dituzte, eta espetxeko zati horretan atseden gela bat, patioa, ikasgelak, sinagoga, liburutegia eta jantoki bat ere badituzte.

70 urte dituen Ehud Olmert 2006tik 2009ra izan zen gobernuburu, baina Jerusalem hiriko alkate zela (1993-2003) egindako delituengatik –eroskeria– zigortu eta espetxeratu dute.

Holyland higiezin-konplexu faraonikoari bidea zabaltzeko egin zituen gestioengatik diru asko kobratu zuen Olmertek eta horregatik hemezortzi hilabeteko zigorra ezarri zioten. Gainera, ikerketa oztopatzen saiatu zelako, beste hilabeteko zigorra erantsi zioten.

2015eko maiatzean beste zortzi hilabeteko zigor bat ezarri zioten, Merkataritza ministro zen garaian Morris Talansky AEBetako enpresariak eman zion dirua ez deklaratzeagatik. Auzitegi Gorenak bere apelazioa aztertu behar du oraindik.