Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Ipar Euskal Herrian elkargo bakarra sortu ala ez, erabakia udalen esku dago

Herriarteko Lankidetzako Departamendu Batzordeak (CDCI, frantsesez) ostiralean eman zion bide Ipar Euskal Herria izeneko elkargo bakarra sortzeko proposamenari. Orain 158 udalbatzek erabaki beharko dute, maiatzaren 27a baino lehen, planteamendua onartu ala ez.

Martxoaren 14tik aurrera, hots, prefetak derrigorrezko dekretua kaleratu ostean, udalek 75 egun izango dituzte Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 158 herriak elkargo bakarrean biltzen diren edo ez deliberatzeko. Udazkenean egin zituzten udalbatzak ez bezala, oraingoak erabakigarriak izango dira.

Orduan gehiengo zabalak (%74) hasierako oniritzia eman zion prefetak egindako planteamenduari. Azken hilabeteetan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko hainbat hautetsi Bearnoko eta Ipar Euskal Herriko banaketa berria nola antolatu aztertzen aritu dira. Euskal lurraldeetarako elkargo bakarra eratzea izan da, hasieratik, mahaigaineratu den eredua.

Aldi berean eztabaida eta informazio kanpainak biderkatu egin dira bai alderdietan, elkarteetan, sindikatuetan, Hautetsien Kontseiluan, Garapen Kontseiluan eta bai herritarren artean. Batera plataforma, esaterako, azaroaren 23az geroztik informazio-autobus batekin dabil herriz herri elkargo bakarraren nondik norakoez azalpenak ematen. Azken aste honetan Zuberoako lurraldean ibili da eta martxorako Euskal Kosta-Aturri hiri elkargoko bost herrietan (Angelu, Baiona, Biarritz, Bidarte, Bokale) mahai-inguruak antolatu ditu, berez, aski konplexua den gaia argitze aldera.

Alternatiba

Ipar Euskal Herria izeneko elkargo bakarraren alde dagoen plataforma ahalegin berezia egiten ari da hiri horietan. Izan ere, Baiona kenduta, gainerakoak ez datoz bat planteamenduarekin.

Hala jakinarazi zuten udazkenean, herriko etxeei lehen iritzia ematea eskatu zitzaienean. Ez dira horretan geratu, gainera. Otsailaren 3an, beste auzapez batzuekin alternatiba bat (zortzi elkargoz osatutako Metropoli Polo Malgua-MPM), aurkeztu zuten Itsasun. Eragile batzuek, horien artean Medef patronalak, aukera hori babestu dute.

Kostaldeko hiri gehienen iritzia kontrakoa izanik, Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak (alde dagoen bakarra) Euskal Kosta-Aturri hiri elkargoko lehendakaritza utzi zuen duela hamar egun, Hautetsien Kontseiluko presidente ere badenez, interes talka ekiditeko.

Amikuze aldean ere izan da elkargo bakarraren sorreraren aurkako iritzirik. Nagusia, Barthelemy Agerre eskualdeko kontseilariaren eta dozena bat auzapezen inguruan sortutako ildoa.

Aste honetan bertan bilkura bat egin dute. Elkargo bakarrarekin landa lurretako herriak kaltetuak aterako direla, finantzabide eskasagoak, zerga handiagoak eta biztanle gehiago dituzten herriek, batez ere kostaldekoek, botere gehiago izango dutela uste dute. Horiek ere MPM hobetsiko lukete.

Zuzenketarik ez

Kontrakoen argudioak gorabehera, inork ez du ildo horretako zuzenketarik aurkeztu Herriarteko Lankidetzako Departamendu Batzordean, hau da, proposamena borobildu behar zen gunean, nahiz eta Agerre bera eta Claude Olive Angeluko auzapeza bertan dauden. Olivek adierazi du nahiago dutela beren alternatiba herriz herri lantzea.

Ostiraleko bilkura di-da batean amaitu zen. Hogei minututan elkargo bakarraren proposamenari bide eman zioten. Orain, beraz, udalbatza bakoitzak bozkatu beharko du ofizialki maiatza amaiera baino lehen.

Ipar Euskal Herria elkargoaren proposamena aurrera aterako ez balitz, prefetak beste planteamendu bat egingo luke, hiru herri elkargoz osatutakoa. Azken hori ere errefusatua suertatuko balitz, bere erabaki ahalmenaz baliatuko litzateke gaia behin betiko finkatzeko. Izan ere, 2017ko urtarrilean abian jarriko da herrien arteko antolamendu berria.