Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

«Berodromoa», mundua hozteko

Zer inportantea den gogoeta egitea! Askotan gogoratzen ez badugu ere. Ni neu beti nago gogoetan, gehienetan gogotik, gogoz kontra gainerakoetan. Bai, burua bor-bor, su gabe irakiten, burua lurrun-makina bihurtuta.

Horrek badu arriskua, ostera, ideia batzuek sortu eta segituan alde egiten dutela burutik, lurrunean alde egin ere, eguratsera. Tira, planetako klima hozten laguntzeko bada behinik behin gaitz erdi! Hara, kasuko, lehengo egunean gertatua. Ohikoa ez badut ere, aitor dut, momentuko zaparrada batek behartu ninduen guardasola hartu eta euritako modura erabiltzera. Kultur etxeko sarrerako ontzian utzi nuen trastea, ezkerrean.

Ekitaldia amaituta hura besapean hartu eta ospa egin nuen, ostarte antzekoa baliatuz. Bai zera, ostarte halakoa! Handik gutxirako euri-jasak trastea zabaltzera behartu ninduen, ostera ere. Eta hara! Nire euritakoa konponduta zegoen! Bai, lehen apurtuta zeukan hagatxoa konponduta zegoen orain! Eta nire burua gogoetan sartu zen, kantoian haizearen kontra egiten nuen bitartean. Euritakontzi adimentsua izango ote kultur etxe hartakoa? Matxuratua utzi eta bi ordutan konpondua hartzekoa akaso? Teknologia miresten hasi nintzen halako batean… bestelako erantzunak argia eman zidan arte: ez, Julen, ez, miraririk ez, beste baten euritakoa hartu duzu, ezustean. Eta nik bietan jarrai, jo eta kean, gogoetan: zer pentsatuko zuen nirea eraman zuenak? Kontrako miraria zelakoan ote? Ama, ama! Total, euritako berria daukat, beroketa globala datorrenean guardasola erabilgarri.

Haizea, bai, zer gauza handia den haizea alde izatea. Olatuak hobeto hartzen dira. Hortaz, transatlantikoa biratu eta, horra!, belaontzia bihurtua, energia berriztagarriek bultzatua… Lehorrean ere itsasoan legez. Belodromoa lekuko! “Berodromoa”! Beroketa jatorra, mundua hoztekoa.