Jon ORMAZABAL
EMAKUME CUP FINALAK

Erreferentziak garatzen jarraitzen dute Larrabetzun

Lehia apur bat gehiago baina ez zen falta izan Lutxi Fonseca-Iratxe Ibarra eta Irati Etxebarria-Patri Espinarrek giro bikainean irabazitako finaletan.

ETXEBERRIA-ESPINAR 22

SAGARNA-BILBAO 11

 

Aspalditik, milak lagunek jokatu izan dute esku pilotan Euskal Herrian barna, baina kirol honen garapenak ez zukeen izan duen ibilbidea izango euren garaian Atanotarrek, Retegitarrek, Gallastegik eta enparauek egindako lanik eta ekarpenik gabe. Nesken kasuan, batez ere adin batetik aurrera –nerabezaroa–, erreferentziarik ez da izan eta, pixkanaka bada ere, Larrabetzuko Txokoan kluba eta Emakume Cupeko finalak jokatu zituzten Etxebarria, Espinar, Sagarna, Bilbao, Fonseca, Ibarra, Gaztelu, Iturbide eta gainerako lehiakideak euren alea ipintzen ari dira. Baina izenez eta emaitzez harago, jendez lepo zegoen frontoi batek, iaztik jokoan ikusi den hobekuntzak eta lehiakortasunak ematen diote balioa atzokoa bezalako ekimenei.

Atzokoan Bigarren Mailako finala irabazi zuen Iratxe Ibarraren kasuak bikain islatzen du hori honetan hamaika neskek bizi izandakoa –Lutxi Fonseca asturiarrak eta berak uste baino errazago, 22-8, irabazi zuten Arrate Gaztelu eta Paula Iturbideren aurkako finala–. Umetan gainontzeko haurrekin batera esku pilotan aritu ostean, infantil edo kadete mailan, kirol hau uztera, edo palagatik aldatzera behartuta ikusten dira neskak, muga fisikoek gizonezkoekin lehiatzea galarazten dienean.

Baina emakume talde baten ekimenari esker, muga horiek ere lausotu egin dira. Juan Carlos Otero pilotagilearekin elkarlanean, materiala egokituta –85 gramo inguruko pilotekin jokatzen dute, jubenil mailako diametroarekin– muga horiek txikitu egin dira eta aitzindaria izan den Txokoan elkarteak izan ditu jarraitzaileak. Hala, Iruñean Aldatze taldea sortu dute, Bartzelonan ere hasiak dira lauzpabost neska pilotan eta datorren urtean Euskal Herriko txapelketa bat antolatzearen ametsak ez dirudi horren urruna. Horrek guztiak, hogei urte geroago, esku pilotara itzultzera eraman du Ibarra, bertsotan ere oso iaioa den markinarra.

Espinar, maila bat gorago

Eskutik palarakoa, emakumeen kasuan bederen, jauzi nahikoa naturala den arren, bi jokamoldeak ez dira, inondik inora, bateraezinak. Horixe izan da Patri Espinarren kasua. Berandu xamarrera arte aritu zen esku pilotan, 17 urte zituenean baina, mutilekiko indar desberdintasunak eta bere mailako lehiakide faltak palara eraman zuten. Ordutik, hamaika izan dira egun Gipuzkoako Federazioko teknikaria den usansolotarrak frontoian eman dituen orduak eta hori, gainontzeko kirol denetan bezala, asko nabarmentzen da pilotan ere.

Txapelketak orekatuagoak izatera aldera, aurten Emakume Cup bi mailetan banatu duten arren, Patri Espinarrek gainontzeko lehiakideak baina maila bat gorago dagoela erakutsi zuen atzo Larrabetzun. Postura guztiak dominatzen ditu, pilota beste abiadura batekin irteten zaio eskutik eta final nagusian diferentziak markatu zituen bizkaitarrak, hasiera-hasieratik.

Txapelketan elkarren aurka jokatu zutenean lan gehiago eman zieten Nerea Sagarna eta Nagore Bilbaok (22-16 irabazi zuten Irati Etxebarria eta Espinarrek) eta, horren beldur edo, lehendabiziko pilotakadatik lehia haustera irten zen Espinar. Horrenbeste jenderen aurrean jokatu beharrak ere zertxobait kikildu zituen urdinak eta finala berehala hautsi zen, 14-3, nahiz eta bukaera aldera zertxobait estutu zituzten irabazleak.