Nerea GOTI
BILBO

Agirre lehendakariaren ondarea aztergai, Renon, Berlinen eta New Yorken

Jose Antonio Agirre lehendakariak, erbesterako ihesaldian, Berlinen egonaldia egin zueneko 75 urte beteko dira aurten eta, efemeride hori ardatz hartuta, euskal gobernuaren buru izan zenaren ondare politikoa aztertuko dute nazioarteko biltzar batean, martxoan eta ekainean. Nazioarteko hainbat erakundek antolatu dute ekimena, Lakuako Gobernuko Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarekin, Etxepare Euskal Institutuarekin eta Agirre Lehendakari Centerrekin batera.

“Jose Antonio Agirre lehendakariaren Exekutiboaren nazioarteko legatua” izenburupean, kongresuak Renon, Nevadako Unibertsitatean, izango du lehendabiziko hitzordua, martxoaren 26an, zehazki. Unibertsitate munduko hainbat adituk parte hartuko dute, eta Gernikako bonbardaketa, Francoren errepresioa eta 1940ko hamarkadako Ipar Euskal Herriko okupazioa izango dira jorratuko diren gaietako batzuk. Hilabete batzuen buruan, ekainaren 1ean, Berlinen, Humboldt Unibertsitatean, egingo da biltzarraren bigarren hitzaldia, eta ekainaren 9an, New Yorkeko Columbia Unibertsitatean, hirugarren hitzordua.

Berlingo Euskal Etxeak ere parte hartze zuzena izango du ospakizunotan. Izan ere, Agirreren zenbait idatzi alemanera itzuli eta 1941eko Berlingo mapa osatu dute, besteak beste. Informazio guztia zabaltzeko webgune bat sortu dute, eta zenbait ekitaldi antolatu dituzte ekainaren 2rako.