Ariane KAMIO
DONOSTIA

Lorde, Gonzalez eta Celan, Munduko Poesia Kaieretan

Munduko Poesia Kaieren bilduman hiru izenburu erantsi ditu Susa argitaletxeak. Kasu honetan, Danele Sarriugartek, Gerardo Markuletak eta Xabier Montoiak egin dituzte itzultzaile lanak Audre Lorde, Angel Gonzalez eta Paul Celanekin. Hamabost dira orotara honezkero euskarara ekarri diren nazioarteko poeten obrak.

Duela bi urte eta erdi pasa abiatu zuen Susak Munduko Poesia Kaieren bilduma eta ordutik hamabost idazleren obrak euskarara ekarri ditu, azken hirurak atzo bertan aurkeztuak, Poesiaren Nazioarteko Egunarekin bat. Audre Lorde, Angel Gonzalez eta Paul Celanen bideetan gurutzatu dira Danele Sarriugarte, Gerardo Markuleta eta Xabier Montoia, hurrenez hurren.

Audre Lorde (Harlem, New York, 1934 - Saint Croix, 1992), idazle eta aktibista poliedrikoa zen, «poeta feminista beltz eta lesbiana», bere irakurleen ahalduntzearen alde idatzi zuen, gehienak kapitalismoak, arrazakeriak eta heteropatriarkatuak baztertutakoak. “Ahizpa arrotza” –“Sister outsider”– da bere ibilbideko erreferentziarik nagusietakoa, eta bere testuen artean, arrazakeriaren, matxismoaren eta zapalkuntza heteronormatiboaren kontrako gaiak landu izan zituen gehientsuen. “Nagusiaren tresnek ez dute sekula eraitsiko nagusiaren etxea” edo “Zapalkuntzan ez dago hierarkiarik” dira bere ibilbidean ezagun egin diren beste sorkuntzetako batzuk.

1968an argitaratu zuen bere lehenengo poema liburua eta beti egon zen oso lotuta irakaskuntzarekin. AEBetako hegoaldea, Texasko unibertsitate batean klaseak eman zituen. Han ezagutuko zuen gerora bere bizi guztirako bikote izango zen emakumea. Bera une horretan ezkonduta zegoen eta seme-alaba bi zituen. «Oso garrantzitsua izan zen garai hura bere bizitzan eta bere poesiagintzan eragin handia izan zuen», esan zuen Sarriugartek. 1978an bularreko minbizia diagnostikatu zioten. «Tumorea ona zen, baina ebakuntza egin aurretik, hiru asteko itxaronaldi batean, non ez baitzekien hil egingo ote zen, horren ostean pentsatu zuen min gehiena ematen ziona isiltasuna zela, bizi osoan izan zuen isiltasuna, eta isiltasun horren kontra borroka egin behar zela». Emakume gisa izandako isiltasuna, lesbiana gisa izandako isiltasuna eta esan gabe isilik geratu ziren denak hauskor izatearen beldurragatik. Bere testuetan pentsamendu dikotomikoa ageri da; poloen artean mugitzeko saiakera bat.

Mundu garratza

Gerardo Markuletak Asturiasen ikasketak egiten ari zela ezagutu zuen Angel Gonzalez (Oviedo, 1925 - Madril, 2008). 50eko belaunaldiko kideetako bat zen, 36ko Gerraren eragin zuzena izan zuten idazleena. Belaunaldi hartako sortzaile izan ziren Juan Goytisolo, Carlos Barral, Jaime Gil de Biedma eta beste hainbat gehiago. Hain zuzen, euskal poesiara lotu aurretik, Gerardo Markuletak erreferentzia izan zituen bere denboran idazleok. Angel Gonzalez haien artean zen.

Txikia zela aita galdu zuen, gerora anaia frankisten esku hil zen, eta beste neba bat erbesteratu egin zen ideia errepublikazaleak defendatzeagatik. «1925ean jaio zen eta 2008an hil. Lehenengo poesia liburuari ‘Aspero mundo’ jarri zion izenburu, eta azkena, ‘Nada grave’ izan zen. Nola diren kontuak», adierazi zuen Markuletak.

Zuzenbide ikasketak eginda Bartzelonan estilo zuzentzaile lanak egiten hasi zen. Bertan ezagutu zituen 50eko belaunaldiko idazleak, «gautxori, alkoholzale eta emakumezale ospea zutenak». 1972an AEBetara joan zen unibertsitatean poesia klaseak ematera eta han egin zuen bere bizimoduaren gehiena.

«Intimismoa eta kezka, beti daude txirikordatuta bere poesian. Oso ironia berezko batekin, era berean», adierazi zuen Markuletak. Poeta sozialak dira, baina ez Gabriel Celaya eta Blas de Oteroren gisakoak. «Beste era batera heltzen diote diskurtsoari; transzendentzia poesiatik urruntzeko ironia erabiltzen dute».

Markuletaren aburuz, poeta «bereziki maitagarria» zen Gonzalez, umore ziztatzailea erabiltzen zekiena, «bigunkeriarik gabeko samurtasuna» helarazten zuen poesia egiteko gaitasuna zuena, bere iritziz, «lerro garbiko poeta bat. Poesia irakurtzen ez dutenentzako moduko poesia».

Munduko Poesia Kaieren hamabosgarren alea Xabier Montoiak itzuli du Paul Celanen (Txernivtsi 1920 - Paris, 1970) obratik. XX. mendeko bigarren erdiko poeta garrantzitsuenen artean da bere izena. Holokaustoaren idazle nabarmenetakoa izan zen, kontzentrazio esparru batean bizirautea egokitu baitzitzaion. Gertakari haiek eragina izango zuten bere ibilbide poetiko osoan, eta bere estiloan, mundua objektu kriptiko eta hermetikoa izango baita beretzat. 51 urterekin bere burua Sena ibaira jaurtita hil zen Celan, are ilunago bilakatuz bere poeta izena.