gara, donostia

Desagerpen behartuak munduan zehar

Gatazka larri bat izan den herrialdeetan ohikoak dira desagerpen behartuak. Gobernuko agenteek pertsona bat bere borondatearen kontra desagerrarazten dutenean gertatzen da egoera hau eta giza eskubideen urraketatzat hartzen da. Nazio Batuen Erakundeak halako desagerpenak aztertzeko talde berezi bat dauka, mundu osoan gertatzen den arazo bat delako eta uste dutelako konponbidea emateko kooperazioa beharrezkoa dela.

 

Drogen kartelek badute erantzukizunik, baina Gobernuak ere bai

Mexikon azken urteetako arazo larrienetakoa izan da eta, oraindik ere, egunero iristen dira albisteak herrialde honetatik. 2006 eta 2012 urte bitartean desagerpenei lotutako 20.000 salaketa izan ziren, baina giza eskubideen elkarteek diotenez, desagertuen benetako zifra handiagoa da. Felipe Calderon presidente zela halako desagerpenak nabarmenki handitu ziren; gehienek drogaren kartelekin zerikusia zuten. Horrez gain, Human Rights Watch behatokiak zehaztu zuen beste desagerpen asko Armadak egindakoak direla. Enrique Peña presidente berriak desagertuen bilaketarako aurrekontua handitu du.

 

«Purga handiaren» itzaletan

Historialariek ezin izan dute zehaztu zenbat pertsona dauden desagertuta. Stalinen erregimenak iraun zuen denboran 3 eta 5 milioi pertsona desagertu zirela uste dute. Egin dituzten kalkuluen arabera, 1937-1938 epean 700.000 pertsonek jasan zituzten «Purga Handiaren» ondorioak. Horrez gain, Txetxeniako gerran tropa federalek 5.000 zibil inguru desagerrarazi zituzten. Egun, noizean behin hilobi komunak aurkitzen dituzte Errusiako txoko desberdinetan, non milaka gorpu agertzen diren.

 

Piongiang-ek ukatu egiten ditu NBEren salaketa guztiak

Nazio Batuen Erakundeak txosten bat kaleratu zuen ustez Kim Jong-un agintariaren erregimenaren ondorioz gertatutako giza eskubideen urraketei buruz. Erbestean bizi diren iparkorearren testigantzei esker egin ahal izan dute lan hori, eta horren arabera, 200.000 desagertu egon daitezke herrialdean. Ipar Koreako agintariek NBEren txostena ukatu egin zuten, eta esan zuten «herri korearrak benetako eskubideak» dituela, eta kontatzen den guztia «etsaiek nahita asmatutako gezurrak» besterik ez direla.

 

2011. urteaz geroztik, baretu beharrean,indartzen joan den gatazka

Myanmarreko egoerari buruz ez dago datu askorik, baina desagerpen behartuak hainbatetan aipatu izan ditu Amnesty Internationalek. Adibidez, 2007an salaketa publiko bat egin zuen, non azaltzen zuen bazirela 72 desagertu zeintzuei buruz gobernuak ez zuen erantzuten. 2011n Kachinen armadaren eta gobernuaren arteko harremanak hautsi egin ziren eta gatazka indartu egin zen. Bestalde, heriotzak, atxiloketak eta beste pertsona batzuk euren burua entregatzera behartzeko bahiketak ohikoak izan dira.

 

Iragan komuna duten herrialdeen arteko gatazka

Urtero, uztailaren 11n, Bosniako Srebrenica hirian, gerraren amaiera gogoratzeko ekitaldia egiten dute. Bosniako guda Balkanetako gerraren azkena izan zen. Milaka pertsona hilobiratu zituzten hiri horretan eta lan ugariren ostean 6.000 hilotz identifikatzea lortu zuten. Beste 2.000 bosniar musulmanek izenik gabe jarraitzen dute. Guztira, 35.000 pertsona desagerrarazi zituzten Balkanetan 1991tik 2001era. Gehienak bosniarrak ziren (30.000), baina alde guztietako biktimak izan ziren. 2012an Amnesty Internationalek gogorarazi zuen 14.000 pertsonak desagertuta jarraitzen zutela. Gorpuak aurkitzeko lanetan ari dira oraindik, eta Balkanetako herrialdeetan izandako gertaerak Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegian epaitzen dituzte, baina AIk uste du herrialde horietako gobernuek ez dutela euren eginbeharra bete. Adibidez, Serbiako herriarentzat bereziki mingarria izan da Rasmus Haradinaj Kosovoko lehen ministro ohiaren eta Ante Gotovina Kroaziako jeneral ohiaren 2012ko absoluzioa. Biak ala biak serbiarren kontrako delituetan buruzagi izateagatik izan ziren epaituak.

Krimenak epaitzeko lehen pausoak eman dituzte

Kanbodian desagertuta dauden pertsonen inguruko datu zehatzik ez dago, baina adituek ehunka mila izan daitezkeela diote. 1975eko apiriletik 1979ko urrira arte iraun zuen Khmer Gorrien erregimenak. Ehunka hilobi komun identifikatu dituzte eta ikerketen arabera, batzuetan milaka hilotz egon daitezke lurperatuta. Kanbodiako gobernuak delitu horiek epaitzeko pausoak eman baditu ere, ez du desagertuen zerrenda bat eratzea lortu. Hauen senideek Dokumentazio Zentroaren babesa dute.

Milaka hildako eta desagertu Armeniarren Genozidioan

Armeniar Genozidioaren mendeurrena izan zen 2015ean. Nahiz eta denbora ugari pasatu den oraindik ondorioak ez daude batere argi. Jakina da XIX. mende amaieran Turkiak hilketa ugari gauzatu zituela armeniar herriaren kontra, eta 1915 eta 1923 urte bitartean «sarraski kanpaina» horiekin jarraitu zuten. Genozidioaren testuinguruan milaka pertsona desagertu ziren.

Saddamen eta inbaditzaileen erasoen ondorioz

Saddam Husseinen erregimenean 250.000tik gora desagerpen behartu gertatu ziren. Kurduak eta xiitak izan ziren kaltetuenak. Horrez gain, 2003an inbaditzaileak herrialdean sartu zirenetik 7.000 pertsona inguru desagertu dira (identifikatu gabe jarraitzen duten gorpuak kontuan izanik). 2005ean Gobernuak Desagertutako Pertsonentzako Zentroa sortu zuen eta hobi komunak babesteko legea indarrean jarri zuen.

Desagerpen behartuak gerra egiteko tresna dira Siriako gatazkan

NBEk 2013an argitaratu zuen txosten baten arabera, Siriako gerran oso ohikoak dira desagerpen behartuak. Gainera, ikerketa egin zuen taldeak ondorioztatu zuen Gobernua horietaz baliatzen dela presioa egiteko. Era berean, atxiloketen eta inkomunikazio egoeraren bidez aktibistak, gudulariak eta medikuak desagerrarazi dituzte, eta haien inguruko informazioa eskatzen dutenak ere atxilotu ohi dituzte.

Argentinako desagertuen kasua eredugarria izan da, onerako eta txarrerako

Argentinako kasua eredugarria izan da –onerako eta txarrerako– desagerpen behartuak jasan dituzten herrialdeentzat. 1983. urtean diktadura amaitu zenetik, biktimen aitortzaren norabiderantz pausoak eman dituzte batzuetan, baina beste batzuetan atzera joan dira. Raul Alfonsinek presidentetza lortu zuenean, 30.000 desagertu zeudela zehaztu zuten, eta horien alde lanean hasi zen. Tirabira askoren ostean, Jorge Rafael Videla diktadorea kartzelara bidali eta bertan hil zen 2013an.

Estatuko agenteak, paramilitarrak eta gerrillak, Kolonbian

NBEk Kolonbiako egoerari buruzko txosten bat argitaratu zuen 2011n; desagertutako pertsonen zerrendan ageri diren 57.000 izenetatik 15.600 desagerpen behartuen biktimak izan direla zehaztu zuen. Kolonbiako barne gatazka luzean parte hartu duten bando guztiei leporatu izan zaie halako desagerpenak eragin izana. Ikerketa baten ostean, 1996 eta 2009 urte bitartean gertatutako desagerpen behartuen %70aren autoretza jakitea lortu zuten. Hala, uste dute ia %12 Estatuko agenteen ondorioz gertatu zirela, %56,50 talde paramilitarren ondorioz eta %2,26 gerrillen ondorioz. 2013an Fiskaltza Orokorrak iragarri zuen 5.000 gorpu baino gehiago berreskuratzeari ekingo ziotela. Hala ere, gai hauen inguruko ikerketak ez dira errazak, mehatxuak ohikoak direlako. Gaur egun Gobernuaren eta FARCeko gerrillen artean egiten ari diren bake elkarrizketek itxaropenari bidea zabaldu diote eta ikertzaileek uste dute bi aldeen ekimenez desagertutako pertsonak aurkitzea errazagoa izango dela. Horrez gain, talde paramilitarrek desagerrarazitako pertsonak aurkitzea faltako litzakete ondoren.

Indigenen kontrako jazarpena

Estatuko indar militar eta paramilitarren ondorioz gertatu dira desagerpen behartuak Guatemalan. 40.000-45.000 pertsona inguru bortxaz desagerraraziak izan direla kalkulatzen da. Horietatik gehienak indigenak, armarik gabeko herritar soilak, armadaren erasoen ondorioz desagertu zirenak. 2013an Efrain Rios Montt diktadorea epaitua izan zen baina berak ukatu egin zuen etnia jakin bat desagerrarazteko agindua eman izana eta bere kontrako epaia baliogabetu zuten.

Biktimak bilatzen jarraitzea, betebeharra

Azken urteetan Estatu espainolean Memoria Historikoaren alde pausoak eman diren arren, 80.000 eta 114.000 pertsona inguruk desagerturik jarraitzen dute. Mariano Rajoyk, 2008an, presidentegai zela, esan zuen bere esku egongo balitz biktimak bilatzeko laguntzak deuseztatuko lituzkeela. NBEk argi utzi zuen Estatuaren betebeharra dela desagertuak bilatzen jarraitzea.