Carlota CIUDAD
Efe

Rion zauriak zabaldu ditu tiroz hildako lau urteko haurraren kasuak

Rio de Janeiroko favela batean, bere etxetik hurbil, tirokatuta hildako Ryan Gabriel, lau urteko umea, da bala galduek eragiten dituzten adingabeen heriotza-zerrenda kezkagarriko azken izena. Iaztik haurren 12 hilobi berri daude bertan.

Tragedia, oraingoan, Madureiran, trafikatzaile aurkarien arteko gerraren erdian, gertatu bazen ere –Rioko iparraldean dagoen favela batean, hain zuzen–, arriskua Estatuko favela gehienetara zabaltzen da, banden eta trafikatzaileen eta Poliziaren arteko talka bortitzetan.

Ryan hil ondoren, NBEko Informazio Publikoko Departamentuarekin lotuta dagoen Rio de Paz erakunde bakezaleak bildu dituen estatistikak argitaratu ditu aste honetan. Horien arabera, 2007tik hona 25 ume hil dira bala galduen ondorioz, eta horietako 12k azken hilabeteetan galdu dute bizitza.

Antonio Carlos Costa gobernuz kanpoko erakunde horretako presidenteak Eferi azaldutakoaren arabera, urteetan txosten ofizialik egon ez denez, zifra hori handiagoa izan zitekeen, ozta-ozta komunikabideek argiratutako kasuak baino ez baitira zenbatzen. Ekintzaileak aipatu zuenez, erdi mailako klasea mobiliza dadin eta beren ahotsa entzunarazteko baliabideak ez dituzten lagunen eskubideak defendatzeko hiritarrak kontzientziatu beharra dago.

Elkartasun kulturarik eza

«Elkartasunaren kulturarik ez duen erdiko klasea daukagu. Ez da euren egunerokoko eztabaidagaia. Hiritarrekiko elkartasunari dagokionez, belaunaldi analfabeto bat daukagu», esan zuen Costak. Bere esanetan, erdiko klaseko hiritar talde hori mobilizatuko balitz, erakundeak horrelako gertaerak ekiditeko neurriak hartzen hasiko lirateke.

Costak defendatu zuen «heriotza tasaren haztea eta gizarte ezberdintasunen kontrako borrokak edozein gobernuren lehentasuna» izan beharko lukeela, eta horren falta islatzen dela familiekiko babesik ezean eta «heriotza gehiago ekiditeko egindako politika publikoetan».

Egoera hobetzeko funtsezkoak lirateke, besteak beste, «favelak oxigenatzea», hiriaren funtzionamenduan sartzea, kaleak zabaltzea, hezkuntzan sartzea, osasuna, lanpostuak ematea eta lanbide heziketa erraztea, «prebentzioa lehentasun gisa jartzearekin batera».

Beharrezko beste neurri batzuk ere aipatzen dituzte; legez kanpoko armen salmenta arautzea, kriminalak menderatzeko poliziaren trebakuntza hobetzea, indarraren erabilera arautzea eta hilketen argitze tasa handitzea, GKEaren zifren arabera, mota honetako krimenen %90 ez baitira argitzen.

Herritarrak kontzientziatze aldera, gobernuz kanpoko erakundeak, kalean kartelak jarrita, galdutako balen ondorioz Rio de Janeiron hildako haurren gaineko datu berriztuak jakinarazi ditu. Ipanema eta Copacabana hondartza ezagunetatik hurbil dagoen Rodrigo Freitas aintziran kokatu ditu kartelak.

heriotza tasa jaitsi arte

Rion hilketen tasa 100.000 biztanleko 10era jaitsi arte bertan mantentzea da gobernuz kanpoko erakundearen helburua. Urrun daude zifra horretatik, Costaren arabera, egun Rioko estatuan 100.000 biztanleko 25 hilketa izan baitaitezke, eta 30ean hiriko zenbait gunetan.

Indarkeriazko heriotzei dagokienez, Brasilgo Segurtasun Publikoko Institutuak egindako zenbaketen arabera, 2016ko lehen bi hilabeteetan halako 951 heriotza izan dira Paralinpiar Jokoak hartuko dituen estatuan.

Ryan Gabrielen gorpua asteartean lurperatu zuen familiak bere herrian. Igandean hil zen umea, aurreko egunean Morro do Cajueiron bularrean tiro bat jaso ostean. Bertako herritarrek zenbait protesta egin zituzten, trafikoa moztu eta bertako dendak itxiarazi. Milton do Amparo haurraren aitonak eskatu zuen «berriro ez dadila gerta, bala galdu gehiagorik ez dadila egon» eta segurtasun handiagoa eskatu zuen, «gizakia gehiago baloratzea».