Amaia U. LASAGABASTER

GARAIAK ALDATU DIRA, BAINA GARMENDIAREN «ANEKDOTAK» TINKO DIRAU

28 urte bete ziren atzo Jose Ignacio Garmendiak Pontevedrari gola sartu zionetik. «Anekdota hutsa» izan zen atezain ohiarentzat –inork errepikatu ez badu ere–, pasatu diren hiru hamarkada hauetan Eibarrek bizi izan duen bilakaeraz mintzatzeko «aitzakia» egokia guretzat.

Peleteirok Alavesi sartutako gola, Mikel Arruabarrenak San Mamesen sartutako penaltia, Javi Larak Realaren aurka sinatutako gola... Urte oparoak bizitzen ari dira zale eibartarrak azkenaldi honetan, baina badaude beren balio osoa mantentzen duten lorpen gogoangarri zaharragoak. 28 urte bete ziren atzo Jose Ignacio Garmendiak Pontevedrari gol famatu hura sartu zionetik eta belaunaldi gazteenek ere badute horren berri, zuzenean ikusi ez bazuten ere. Atezain ohiak berak egiaztatu zuen hori larunbatean. Zelaian mantentzea lortu zuten jokalariek baino argazki gutxiago ez zioten egingo jarraitzaile armaginek –«lagunak flipatuta nituen», dio barrez– Garmendiari, «nagusiak, gazteak, asko umeekin...» eta ez ziren gutxi izan 1988. urteko apirilaren 17 hartako arratsaldean sartutako gola gogorarazi ziotenak.

«Anekdota huts» gisa hartu du Garmendiak beti, Eibarren jardundako bi hamarkadetan bizi izandako milaka «pasadizo, gertaera, sufrimendu eta batez ere pozen» arteko beste bat. Eta garrantzia kentzen dio, «nahi barik» lortu zuela errepikatuz. «Nik, betiko moduan, ahal nuen luzeen jarri nahi nuen baloia. Baina haizea zebilen, zelaia bustia, bote arraro bat egin... eta barrura. Egia esan, ni lehenengo unean konturatu ere ez nintzen egin. Baina bai, gola izan zen». Lagun bati sartutakoa, gainera, Pontevedrako atezaina Joseba Aranguren azpeitiarra baitzen. Ikustekoa izan zen Ipuruako harmaila zaharretako zoramena. Partida osoan zehar, gol horrek ondoz ondoko zazpigarren garaipenaren bidea zabaldu zuen –25 urte pasatu ziren Gaizka Garitanoren Eibarrek marka hori hautsi ahal izan arte, zortzi garaipen lortuz–. Poztasunez betetako denboraldia izan zen, handik aste aste gutxira Eibar 2.A mailara igo baitzen, bere historian bigarren aldiz.

Ordurako, Garmendiak bazeramatzan bederatzi denboraldi Eibarren. Eta beste hamar emango zituen. Bi hamarkada guztira. Gauzak nola aldatu diren; 1998an erretiratu zenetik, 22 atezainek defendatu dute Eibarren atea. Ulertzen du hori, «dena zelako desberdina. Gu lagun talde bat ginen, denok hemengoak, gure lanbideekin, familiekin... Eta gure ilusio handiena Eibarren jokatzea eta Eibar ahal genuen toki altuenera eramatea zen. Ilusio horrekin, sekulako ahaleginarekin, gure arteko giro onarekin... gauza politak egin genituen».

«Gauza» horietan, izan ere, egon zen bilakaeraren oinarria. «Hasieran denok ginen hemengoak. Mailaz igotzen joan ginen, 2.Ara heldu, kluba haziz joan zen, taldea hobetzeko asmoarekin aldagela pixkanaka zabaltzen joan zen, kanpoko jendea ekarriz... Bilakaera normala ikusten dut, egungo egoerara heldu arte». Hau da, 1. mailan lehiatzeko gai diren kalitatezko jokalariak, oso jatorri desberdinekoak, bertan denbora larregi emango ez dutenak, «baina aldagelaren “esentzia” ulertu eta mantentzen dutenak, ikusi besterik ez dago Enrichek, Bastonek..., edozeinek, zer-nolako inplikazioarekin jokatzen duten». Garai berriek, ordea, alde ilunagoak ere badituzte. «Diru asko mugitzen da eta hori nabaritzen da. Ordezkarien mundua, denbora gutxian diru asko irabazi nahi duten jokalariak...». Desberdina litzateke historia Garmendiak gaur egun jokatuko balu? «Ezin dira garaiak eta egoerak erraz konparatu. Baina nik beti izan dut argi Eibarrek nire ilusio guztiak asetzen zituela. Nire bizitza hemen neukan, seme bakarra eta nire gurasoek harategiarekin, baserria... Ilusioa futbolean jokatzea nuen eta hemen 19 urte eman nituen, igoerak biziz, poz asko, lagun asko... Eta, batez ere, Eibarren parte sentitu, Eibar dena baitzen niretzat». Izan ere, denboraldi amaieretan «jokalari batzuk urduri egoten ziren ea beste talderen batetik deituko ote zieten». Garmendiak, berriz, ez zuen deirik jaso nahi; «nahiago nuen inork ez galdetzea edo eskaintzea ezer. Nik Eibarren jarraitu nahi nuen, kontratu berritzeak bost minutuan akordatzen genituen. Horrela egin genuen beti eta harro sentitzen naiz».

18 urte pasatu dira billabonatarra erretiratu zenetik eta ezinezkoa da antzeko fideltasun eredua aurkitzea atezainen artean. Xabi Iruretagoiena da gehien hurbiltzen dena, bederatzigarren denboraldia betetzen ari baita taldean. Beharbada horregatik, bere atzetik etorri direnen artean gustukoena du bizkaitarra. Ez da, edozein kasutan, arrazoi bakarra. «Inork lortu ez duena lortu du, 2.B, 2.A eta Lehen Mailan jokatzea Eibarrekin. Eta gainera izugarrizko maila ematen guztietan, joan zen denboraldiko lehen itzulian egin zuena ere ikaragarria da. Sekulako atezaina da, asko ikasi duena gainera, sekulako progresioa egin duena. Eta, gainera, une honetan, berarentzat zailagoa izanda, lan egiten jarraitzen du isil-isilik. Jakin badakigu denok horrela egin behar dela, baina gero egin egin behar da. Eta Xabi egiten ari da, taldearen mesederako ahalegindu eta lan egin, jokatzen duenean eta jokatzen ez duenean. Txalogarria da. Eibarren esentzia hori ere bada».