GARA
IRUÑEA

Larunbatean Tafallan D ereduko familiak «besarkatzeko» deia

Sortzen elkarteak eta Tafallako eta Caparrosoko D ereduko familiek larunbat honetan Tafallan egingo den “Besarkatu” ekimenean parte hartzeko deia egin zuten atzo. Ekitaldiaren berri «Euskararen Herriko lau haizetara» zabaltzearekin batera, dei berezia egin zioten Nafarroako jendarteari ekitaldian parte har dezan, «eremu diskriminatuan D eredua eskola publikoetan aukeratu duten familiei babesa eta maitasuna» adierazteko.

Ekitaldia 12.30ean izango da Tafallako Herriko Plazan, Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko abeslariak eta DJ Jotatxok gidatuta. Tafalla, Lodosa eta Caparrosoko D ereduko familiekin batera, Nafarroako «eremu diskriminatuko» beste herri batzuetan euskarazko hezkuntza publikoa hautatu duten familiak ere izango dira, Villatuerta, Mendigorria, Larraga, Oteiza, Artaxoa eta Antzingoak, besteak beste. Horiekin parte hartuko dute, halaber, D eredua zabaltzea lortu duten Abartzuzako, Lezaungo eta Zudairiko eskolek eta familiek, Javier Ibañez Tafallako eskola publikoko zuzendariak eta Pablo Azkona Lodosako alkateak, besteak beste.

Babes zabal eta askotarikoa

Era berean, elkartasun ekitaldi horretan, Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko lehendakaria, euskalgintzako ordezkariak, LAB, ELA eta Steilas sindikatuak eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra alderdi politikoetako ordezkariak ere izango dira. Atzo bertan, alderdi horietako parlamentarien babesa jaso zuten herrian bertan.

Ekitaldia eguerdian bada ere, jolasak, tailerrak eta beste hainbat jarduera izango dira 10.30etik aurrera.