GARA
DONOSTIA

Tolosaldeko hamabi udalek Txapartegi ez estraditatzeko eskatu diote Suitzari

Tolosaldeko hamabi alkatek eskutitz bana idatzi diote Simonetta Samaruga Suitzako Justizia ministroari, Estatu espainolak Nekane Txapartegiren aurka aurkeztu duen estradizio eskaera ez dezala onar eskatzeko. Asteasuarra jaiotzez, Txapartegi iragan apirilaren 6an atxilotu zuten Zurichen eta geroztik bertako espetxean dago preso.

Eskaera nagusia Asteasuko Udalak egin du, eta horri atxikimendua azaldu diote eskutitz banarekin, Ibarra, Ikaztegieta, Berastegi, Anoeta, Aduna, Amezketa, Berrobi, Lizartza, Zizurkil, Bidania-Goiatz eta Alegiako udalek.

Idatzian, Pilar Legarra Asteasuko alkateak Samarugari azaldu dio Euskal Herria bake, bizikidetza eta adiskidetze prozesuan dagoela bete-betean, «urte askotako sufrimenduaren eta minaren ondoren». Ildo horretatik, eransten du Txapartegiren aurkako estradizio eskaerak ez duela «inondik inora egiten ari garen bidean laguntzen».

Baliatzen dituen argudioen artean, asteasuarrak komisarian pairatu zituen «tortura latzak» ekartzen ditu gogora, «bortxaketa barne», Polizia espainolak 1999. urtean atxilotu zuenean gertatuak.

Jasandako tortura horien haritik, idatzia babestu duten udal guztiek gogorarazi dute tortura giza eskubideen bortxarik handiena dela, eta halaxe jasotzen duela Genevako Konbentzioak. «Arrazoi politiko bakar batek ere ez luke eskubide horien gainetik egon beharko», defendatu dute.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 5. artikuluan jasotzen duenez, «ezin da inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere». Horri helduz, besteak beste, Suitzari Madrilek egin duen eskaera ez betetzeko eskatu diote; «are gehiago, Estatu espainolean tortura praktikatu dela baieztatzen duten nazioarteko hainbat txosten aintzat hartzen badira»; Amnesty International-ek, Nazio Batuen Erakundearen Torturaren Aurkako Batzordeak eta 2003an Theo Van Boven eta 2008an Martin Scheinin ikuskatzaileek egindako txostenak aipatu dituzte.

Alaba txikiaren eskubideak

Udalek Samarugari hurrengo salaketa ere helarazi diote: Txapartegiren atxiloketaz geroztik adingabea den alabak bizi duen egoera, hain zuzen. Suitzan bizi da eta bertan bizitza normala zeraman; hortaz, Justizia ministroari haren eskubideak errespeta daitezen eskatu diote, Haurren Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari helduz.

«Amaren estradizioa eta balizko kartzelatzea zigor erantsia izan daiteke alabarentzat, derrigorrean ehunka, milaka, kilometro egin beharko lituzkeelako ama ikusi beharra lukeen bakoitzean», ohartarazi dute eskaera babestu duten alkateek.