G. M. ZUBIARRAIN
baiona

Ailleti ohar eginez ekin dio Baionako fiskalak pedofilia salaketa argitzeko ikerketari

Ustezko gertakariak Hazparnen jazoak direnez, Jean-François Sarramagnan apaizaren aurkako pedofilia kasua ikertzeko agindu dio Baionako fiskalak Poliziari. «Delituak estaltzea delitu» dela gogorarazi du.

Baionako fiskaltzak Jean-François Sarramagnan apaizaren ustezko pedofilia kasua ikertzeari ekin dio, «gertakarietako batzuk bederen» Hazparnen (Lapurdi) jazo zirelako. Hala jakinarazi zuen atzo Samuel Vuelta Simon fiskalak Lapurdiko hiriburuko epaitegietan agerraldi bat eginez.

Afera asteazkenean azaleratu zen, 2015eko irailean emakume batek Hiriburun lanean zebilen apaizaren aurka Clermont Ferrandeko (Auvernia) auzitegian salaketa bat aurkeztu zuela zabaldu zenean. Marc Aillet gotzainak berehala jakinarazi zuen Sarramagnan egungo kargutik baztertu zutela. Horrez gain, salaketan aipatutako gertakarien berri, aurreko gotzain Pierres Moleresek bezala, bazuela onartu zuen.

Salaketa lausoa

Vueltak aurreratu zuen, hasteko eta behin, salaketa jarri duen emakumeari, biktimaren ama denari, eta biktima berari, Sarramagnan apaizaren iloba denari, aitortza hartuko diela, «zehazki zer gertatu zen jakiteko». Izan ere, aitortu zuen gertakariak ikuspegi juridikotik ez daudela batere argi eta «ukituez edo bortxaketa batez ari garen» ikusi beharko dela, «ondorio penalak eta haien preskripzioak oso bestelakoak» direlako egoera batean ala bestean.

Baionako fiskalak oharra egin zien Aillet eta Moleres gotzainei. «Delituak ez salatzeak ardura penalak dakarzkiela» gogoratu zuen eta horiek ere «ikertu beharko» direla adierazi zuen.

Biktimaren amak aurkeztutako salaketaren arabera, Sarramagnanek sexu-erasoa egin zion 1990eko hamarkadan orduan adingabekoa zen gaztetxoari. Moleres gotzainak, gertakarien berri izanik, arduretatik baztertu zuen apaiza eta komentu batera erretirarazi. Hala ere, afera zartatu denean, Hiriburun zebilen lanean apaiza.