GARA
OÑATI

Debagoienak 9.139 sinadura jaso ditu herri kontsultaren atarian

Azken bi hilabeteetan garatutako kanpainan, Debagoienak eta Aramaiok 9.139 sinadura bildu dituzte ekainaren 5ean egingo den herri galdeketaren atarian. Bozkalekuak 09.00etatik 20.00etara egongo dira zabalik, eta egunean bertan parte hartu ezin dutenek aldez aurretik egiteko aukera izango dute. Erain-ek atzo eman zituen xehetasunak.

Ilusioz eta gogoz begiratzen dio Debagoienak datorren ekainaren 5ean egingo duen herri kontsultari. Dagoeneko badakigu herritarrek erantzun beharko duten galdera «Izan nahi al duzu euskal estatu independente bateko herritar?» dela, baina oraindik datu asko dago argitzeko. Horretarako baliatu zuen Erain Debagoienak atzo Oñatin eskainitako prentsaurrekoa. Besteak beste, agerian gelditu da ekimenak duen babesa, izan ere, azken bi hilabeteetan 9.139 sinadura bildu dituzte Debagoienean eta Aramaion egindako babes bilketan.

Galdera askoren erantzunak eskaini zituzten agerraldian, adibidez, bozkatzeko ordutegia. Mahaiak 09.00etatik 20.00ak bitartean egongo dira zabalik, egun osoan zehar, etenik gabe. Kokalekuei dagokienez, azaldu zutenez, herri bakoitzak bere guneak finkatuta ditu, eta horien inguruko xehetasunak «datozen egunetan» emango dituzte. Zentzu horretan, etxez etxe banatuko diren informazio orriek herri galdeketaren beraren eta boto aurreratuaren xehetasun guztiak eskainiko dituzte.

Ekainaren 5ean hauteslekuetara gerturatzeko aukerarik ez duenarentzat erraztasunak emango ditu Erainek, aldez aurretik bozkatzeko aukera egongo baita. Zehazki, maiatzaren 21etik ekainaren 4ra bitartean egin ahal izango dute herritarrek, biak barne, beren herriko Gure Esku Dago-k eta Erainek dituzten lokaletan. Ordutegia honakoa izango da: astelehenetik ostiralera 18.30etik 20.30era eta bitarte horretan dauden asteburuetan goizez ere egin ahal izango da (maiatzak 21-22, maiatzak 28-29 eta ekainak 4).

Horrez gain, auzo batzuetan sustatzaileak auzoetara gerturatuko dira boto aurreratuak jasotzera, baina horren inguruko datu gehiago momentuz ez dute zehaztu.

Programatutako jarduerak

Azken sei hilabete hauetan agenda ekimen eta jarduerez josita egon den moduan, datozen asteak ere erritmo berean igaroko dira. Atzo, adibidez, Oñatiko San Ana auzoan “Erabakitzeko eskubidea, aldarrikatzetik gauzatzera” izenburupean antolatu zen mahai-inguruan bat egin zuten Garbiñe Biurrun epaileak eta Gemma Zabaleta PSEko buruzagi ohiak.

Gaur, 19.00etan, Eskoriatzako Zaldibar antzokian Anjel Oiarbideren eta Xabier Ezeizabarrenaren eskutik hitzaldia egongo da eta ostiralean mahai-ingurua egongo da Arrasateko Kulturateko areto nagusian, 18.30ean. Hitzorduan parte hartuko dute Carles Riera Ciemen erakundeko kideak, Luke Uribe-Etxabarria EAJko legebiltzarkideak eta Anjel Oiarbide Gure Esku Dagoko kideak.

Mahai-inguru eta hitzaldiez harago, beste mota bateko jarduerak ere programatu dituzte, larunbateko bertso saioa kasu. Aramaioko kultur etxean Goierri versus Debagoiena saioaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Oholtza gainean egongo dira Iñaki Murua, Aitor Sarriegi, Paula Amilburu eta Jokin Labayen bertsolariak Manex Agirreren gidaritzapean. Hauek dira, besteak beste, Erain Debagoienak antolatu dituen ekimenak. Orain sei hilabete jaio zen, Gure Esku Dago dinamika herritarrari jarraipena emanez.

2018a bitartean, ahalik eta galdeketa gehien antolatu

«2018a bitartean ahalik eta herri gehienetan herri galdeketak antolatu eta gauzatzea da Gure Esku Dago-ren asmoa. Herriko taldeak ere 2017an herri galdeketa antolatzeko asmoa dugu, baina horretarako 2016an azken bultzada bat eman nahi diogu gizarteratze prozesuari». Hala adierazi zuen Gure Esku Dagok. Esan eta egin, hainbat baitira herri galdeketa egingo duten herriak.

Heldu den ekainaren 19an kontsultak egingo dituzte Goierriko 22 herritan, Diman eta Bakaikun, eta astebete lehenago, ekainaren 12an, Azpeitian egingo dute. Hernanik beste hainbeste egiteko prozesua martxan jarri du eta Bermeok eta Busturiak, berriz, 2017ko apirilaren 2an finkatu dute galdeketaren eguna. GARA