GARA
DONOSTIA

Lakuak bere itzultzaile automatikoaren hainbat berritasun aurkeztu ditu

Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Plangintzako arduradun Araceli Diaz de Lezanak eta Lucy Software Iberica SL enpresako kudeatzaile Juan Alberto Alonsok Gobernuak duela zenbait urte sarean jarri zuen itzultzaile automatikoaren inguruan (www.itzultzailea.euskadi.eus) dauden zenbait berritasun aurkeztu zituzten atzo Donostian. “Itzulpen automatikoa euskaraz” mintegia baliatu zuten horretarako.

Datuak emanez hasi ziren. Horiek erakusten dutenez, herritar askok normaltasunez erabiltzen du itzultzailea. 2015ean 10.889.174 itzulpen egin zituen itzultzaileak. Aurten, batez beste, hilabete bakoitzean ia 1.500.000 itzulpen egin dira: batez beste, 50.000 itzulpen eguneko.

Ondoren, berritasunak agertu zituzten: gehitutako hizkuntza-pare berria: euskara-ingelesa; telefono mugikorretarako Android (Google Play-n eskuragarri aste honen bukaeran) eta iOs (Apple Store-n eskuragarri 10-15 egun barru) aplikazio eguneratuak; Lakuaren Irekia atarian eskuragarri jarri diren lau lexiko elebidunak; eta itzultzailea webguneetan integratzeko aukera.