Ariane KAMIO
DONOSTIA

Hausturaren gakoa

Haustura, katarsia, inflexio puntua eta eraikuntza bizitzaren baitatik atera eta «Arrotz eta eder» poema liburura eraman ditu Pako Aristik, bere buruaren bila abiatu den pertsonaiaren garapenetik.

Etapak. Bizitzaren atal desberdinak. Izan daiteke jaiotza, haurtzaroa, gaztaroa, heldutasuna, zahartzaroa, baita heriotza bera ere. Edo Greziako klasikoei keinu bat; zazpi urteko zazpi alditan banatzen zuten haiek bizitza baten denbora. Garaiak, baina, denboraz bizitzara jositako atalak izatetik harago daramatza Pako Aristik (Urrestilla, 1963) “Arrotz eta eder” (Susa) bosgarren poema liburuan. «Herentzia kulturala bazterrean utzi eta bere buruaren bila abiatu den» pertsonaiaz ari da, hain zuzen, bere lan berrian. Eta horretarako bi aro banandu ditu; arrotzarena bata, edertasunarena bigarrena.

Lehenengoaren abiapuntua da munduratze unea bera eta jarraian datozen urteak. «Eredu sozial jakin bat aurkitzen dugu, herentzia bat jasotzen. Eskolan, etxean, elizan, telebistan esaten digute zer egin behar dugun. Arrotz sentitzen gara une horretan».

Horren ondoren dator haustura eta «pertsona aldatu egiten da». Noiz gertatzen den, bakoitzaren eboluzioaren arabera. Eta handik katarsira, askatzera. Inflexio puntu bat gertatzen dela iritzi dio idazleak eta «orduan hasten zara eder izaten. Eder da bere burua ezagutzen duen pertsona, edo bere buruaren jabe dena». Bigarren zati hori, beraz, hausketa batetik eraikuntzara doan bidea da. Eta bi erronka izango dira nagusi. Batetik, transzendentziaren aurrean kokatuko da norbanakoa, hots, «pertsonaren esparru indibiduala», eta aurrez aurre begiratzen dio existentziari. Bestetik, pertsona horrek leku zehatz bat aurkituko du jaiotzen denean. Herri bat. «Gure herriak baditu ezaugarri batzuk eta horren aurrean kokatuko da».

Aristirentzat galderak egitea ezinbesteko teknika da aurrera egiteko. Eta galdera asko egiten ditu poema liburuan ere. «Galderak eginez galdera asko erantzuten dira, eta gauzak kuestionatu egiten dira».

Sentsazio arraroak izan ditu Aristik liburu honetan, idazten ikasten ari den pertzepzioa izan baitu. Hori, 30 urte liburu eta artikulu ugari argitaratzen eman ondoren. «Orain arte idatzitako guztia hau idazteko ikasketa sorta bat izan dela iruditu zait».

Bosgarren poema liburua du “Arrotz eta eder” Pako Aristik, Susako editore Gorka Arreseren aburuz, bere ibilbideko onena. Espresioan argia, euskara klarua darabil bere konposizioan, estrofen eraikuntzan. Espresio poetikoak irudi behartuetara jotzeko beharrik gabe, naturaltasunez eraikitako zatiak.

Lantzen dituen gaiak, bizitzari atxikitako etapa horietan ere, askotarikoak erabat. Amodioa, sexua, lagun arteko aferak, kontu sozialak, politikoak, tortura, kartzela, galdera existentzialak... Gai bariatuak baina modu antolatuan aurkeztuak. Zatikatutako liburua, estrukturatua. Denboraren joan-etorriaren eraginpean egina, garai bat joateak beste baten etorrera iragartzen baitu. Bihar Literaturiaren baitan aurkeztuko du lan berria Aristik, eta lehenengo errezitala –aurrez beste entrenamendurik ez bada–, uztailaren 16an egingo du Itziar Gomez aktorearekin batera Eako Poesia Egunetan.