Iker ZALDUA
poesía

Barren-barrenekoak

Mikel Etxabururen bigarren poesia-liburua da esku artean dudan “Hodeiak zapatetan”. Lehen liburuan bezala (“Zu zara orain txoria”, Elkar, 2010), preso egon denaren barnean ernatzen diren, sortzen diren, bizi diren sentimenduek hartzen dute liburua ia osorik. Eta sentimenduak azpimarratuko nituzke, aldarrikapenak tiraderan gordeta utzi eta sentimenduez hitz egiten baitu, ukiezina denaz mintzo da, ametsez edo maitasunez.

«Ihes egiteko aukera txiki bat da / inork galdu nahi ez duen askatasuna». Liburuaren bi atal nagusietan errepikatzen den leloa da. Askatasun pertsonalaz ari da, ondoezari ihes egin nahian, zaurietatik urrundu nahian, ziega barneko egunez egunekoari ihes egin nahian: «Pozarren esnatzen naiz larunbat goizetan / badakidalako eguerdiko poltsa dela / hamabostero eskaintzen didazun / ihes egiteko aukera txikia». Ametsa nostalgiaz jantzita agertzen da, ametsak tonu sakona du, tristea kasik: «Gure ametsak zirkulu txikiak dira, / haurrek egiten dituzten / xaboi puxpuluen modukoak, / hauskor eta arinak…».

Bi atal nagusi ditu liburuak, “Oroitzak” eta “Oskola”. Horien aurretik “Aurkibidea” izenekoan ale bat aurkituko dugu eta, ondotik, beste bat, “Gerezi gorriak” izenekoan. Hari oso fin batek bereizten ditu bi atalak, zedarrituko ez balitu, oharkabean igaroko ginateke lehenengotik bigarrenera.

Bada, halere, gustatu zaidan joko bat, lehenengo atalean hasi eta bigarrenean amaitzen dena. “Udazken berbak” izeneko alean autoreak honakoa diosku: «Badakit nahiago dituzula letra borobil handiak, / haietan arinago antzematen dira-eta sekretuak; / baina letra txikira kondenatu gaituzte, isil-gordean».

Erantzuna “Oskolean” topatuko dugu, bigarren atalean, letrak izenekoan: «Badiostazu / nahiago ditudala / letra borobil eta / tamaina handikoak. / Ez ordea / haietan sekretuak / arinago antzematen direlako, / jadanik sekretuak ere / ebatsi dizkigutelako baizik».

Bi atal horietan eta, finean, liburu osoan, maitasuna da neonezko argiz agertzen den gaia.

Barnetik kanpora idazten ari da psikologikoki, barneak askatuz. Halaber, barnetik kanpora idazten ari da fisikoki, kanpoan duenari idazten dio, eman ezin diren musuak aipatzen ditu, kristalean lehertzen diren musuak; debekatutako maitasuna da, marinelaren maitasuna izendatzen du Etxaburuk berak: «marinelaren maitasuna da gurea: / musu eman eta urrun joaten dena, / azken olatuaren antzekoa...». Alez ale aurrera doan gaia da maitasun debekatu hori, maitasun ezindua, bere barnean lehertzen dena. Azken aleak, baina, amaiera polita gorde dio maitasun-istorio honi: «Gaurtik aurrera / gerezi gorriak / jango ditugu elkarrekin».

Ohituta gaude, zoritxarrez, kartzela usaina duen literatura suminduaz gurean, amorrua eta aldarrikapena gordetzen dituena. Hemen, ordea, ez dugu tonu bortitz hori aurkituko, ahots apalagoz hitz egiten digu Etxaburuk, hizketan ari da, eta aipatzen ditu kartzela zapaldu duenari barnean eraikitzen zaizkion sentimenduak.

Ale laburrak dira gehienak, eta horrek erritmo azkarra izaten du lagun, baina komeni da erritmoa apaldu eta edukiak eskatzen duen patxada izatea, preso egon denak barnean zer gordetzen duen ulertu nahi badugu.