Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Tokiko hizkuntzei lege geriza emateko bilerarik ez da izango Hollanderen kontseilariarekin

Frederik Espagnac senatariak Herri Urratseko egunean iragarri zuen Hollande presidentearen Hezkuntza kontseilariarekin lan bilera egitekotan zirela, hizkuntza gutxituei buruzko lege bat lantze aldera. Berez, gaur bertan burutzekoa zen Parisen, eta Senatuan gai horren batzordeburu den Espagnacek berak, Asanblea Nazionaleko PSko diputatu batek eta Paul Molac diputatu ekologista bretoiak hartu behar zuten parte.

Alabaina, bilera horren berri izan bezain laster beste diputatu batzuek, tartean Sylviane Alauxek eta Colette Capdeviellek, bertan izateko nahia azaldu zuten, beraiek ere Asanblea Nazionalean tokiko hizkuntzen lantaldeko kide direlako.

Protagonismoak

Horiek horrela, Christophe Prochassonek, Eliseoan hezkuntza gaiez arduratzen denak, bilera bertan behera uztea deliberatu du, alde guztietatik jaso dituen eskarien eta egintza burutuen presioaren aurrean.

Protagonismo kutsua ikusi du Espagnacek, berez aukeratutako bilkura formatua talde murriztuan egitekoa zelako. Halere, Hezkuntza Ministerioko arduradunekin beste bilera bat antolatzen ari direla adierazi du.

Batez ere hizkuntza gutxituen irakaskuntza arautzeko Molacen eskutik joan den urtarrilean egindako azken saiakera antzua suertatu zen.