GARA
DONOSTIA

Aro garaikidearekin egin dute topo Lur eta Ametsek

Euskal Herriaren historia etxeko txikienen artean ezagutzera ematen jarraitzen dute Lur eta Ametsek. Oraingo honetan, XIX. mendean Bilbon izan zen langile mugimendua ezagutuko dute, Frankoren diktadurapean erbesteratu behar izan zuen andereñoari ikastola berria abian jartzen lagunduko diote eta 80ko hamarkadako mugimenduak gertutik jarraituko dituzte.

Historian zehar bidaiatzen jarraitzen dute Lur eta Ametsek. Elkar argitaletxeak Euskal Herriaren gaurdainoko bidea markatzen duen bildumako zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren liburukiak argitaratu ditu eta, horietan, XIX. mendean Bilbok hiri moderno bilakatze bidean bizi izan zituen aldaketak (“Lur eta Amets. Zazpi Kaleetako eskola”), Frankismo garaiko erbestea eta ikastolen mugimendua (“Lur eta Amets. Ikastola armairu barruan”) eta 80ko hamarkadako gizarte mugimenduak (“Lur eta Amets. Martxa eta borroka!”) ezagutuko dituzte. Aintxiñe Mendizabal Elkar etxeko editoreak azaldu zuenez, ohi bezala historia eta fikzioa nahastuta datoz kontakizunok ere, eta hiru hauekin itxiko da Lur eta Amets bilduma.

Argitalpenak Uxue Alberdik idatzi eta Patxi Pelaezek ilustratu ditu. Aurkezpenean Alberdik nabarmendu zuen Bilboko lehen greba emakumeek, Santutxuko zigarrogileek, egin zutela, eta zazpigarren liburukian giro horretan kokatu dituzte protagonistak. Zortzigarrenean, ikastolen sorrera hartu dute hizpide eta Andere pertsonaiaren bidez Elbira Zipitria andereño ezagunari omenaldia egin nahi izan diote: «Agertzen da Fermin Calbeton kaleko 26. zenbakia... badaude zenbait erreferentzia. Protagonistak Sarara erbesteratuko dira, eta, bueltan direla, gerra ondorengoarekin egingo dute topo eta Andereri berriro ere ikastola bat martxan jartzen lagunduko diote». Kontxita Beitia andereño ohiak ere parte hartu du liburua osatzeko lanetan, eta, aurkezpenean azaldu zuenez, «esaten den guztia da egia».

Bederatzigarren eta azken argitalpenean, 80ko hamarkadako Elgoibar bisitatuko dute Lur eta Ametsek. «Beraien lehengusu zaharrago batekin batera pintadak egingo dituzte, soldaduskara joateari muzin egin eta atxilotu egingo dituzte, kalabozoa ere ezagutuko dute eta han topo egingo dute garaiko gazte heroinazale batekin, Hertzainak taldearen kontzertu bat ere egongo da gaztetxean...».