Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Euskara haur eta gazteen hizkuntza dela ondorioztatu du ikerketa batek

Garai batean zaharrek hitz egiten zuten hizkuntza zen euskara eta egun hiztun gehienak 25 urtetik beherakoak dira. Joera horri eutsiz gero, 20 urte barru gazteen %83,4 izango dira euskaldunak, Lakuak gazteen artean egindako ikerketa batek agertzen duenez.

“Gu Gazteok” ikerketa aurkeztu zuten atzo Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Euskararen Aholku Batzordearen Gazteriaren Batzordeko kide Jone Miren Hernandez eta Itsaso Anduezak.

Hala, Baztarrikak jasotako datuak aipatu zituen. «Gaur elebidunak duela 20 urte baino gehiago badira ere, modu apalago batean erabiltzen dute euskara», aipatu zuen horren atzean gizarte aldaketa bat dagoela azalduz. Izan ere, 1991n 16-24 urte arteko gazteen %33 ziren elebidun eta orain %78, baina 91n euskara zekitenek gehiago erabiltzen zuten, 2001ean beherakada nabarmena gertatu zen horretan eta 2011n berreskuratzen hasi zen, baina oraindik ez da aurreko mailara iritsi. Konturatu dira arazoa ez dela ezagutza, erabilera baizik, eta horren arrazoiak bilatzeko lanean daude. «Orain populazioaren %36 da elebiduna eta 2036rako portzentaje hori ia %50era igoko da. Gazteen artean, %83,4ra igoko da, eta %7k soilik ez dute euskara ulertuko».

Ondorioak

Egoera horren aurrean, atzo aurkeztu zuten ikerketak galde-erantzunen bidez baino nerabe talde batzuk beren egunerokotasunean aztertzea zuen helburu, kuantitatiboki baino kualitatiboki euren joerak ezagutu ahal izateko. Horren berri Hernandezek eman zuen. Elkarrizketatutakoak 12-14 urtekoak dira, bi urte barru gazteen taldean sartuko direnak.

Hala, zenbait ondorio atera dituzte: hiztun berrien belaunaldi berri bat osatu da; ezagutzen dena baino askoz gutxiago erabiltzen da euskara; eskoletan derrigortasun faktorea dago eta euskara aisialdiarekin lotu beharra dago; eskoletatik kanpo oraindik gaztelania asko entzuten da; hizkuntzen arteko nahasketa normaltasunez gertatzen da.

Anduezak oso baikortzat jotzen dituen bi ondorio azpimarratu zituen: batetik, eskoletan pertsona batzuekin euskaraz aritzeko ohitura sortzen dela eta, bestetik, euskara zaharren hizkuntza izatetik haur eta gazteen hizkuntza izatera pasatu dela. Bere esanetan, hizkuntza kalean sustatzeko ahozkotasuna landu behar da, euskararen erabilera sustatzeko.