Arantxa MANTEROLA
DONOSTIA

Gipuzkoako Batzar Nagusiek pentsio duina bermatzea eskatu diote Lakuari

EH Bildu eta Ahal Dugu-ren aldeko bozekin, Batzar Nagusiek erretiratuei pentsio duina bermatzeko eskaera egin diote Lakuari eta Madrilgo Gobernuari. Aldiz, bi taldeek Kutxabankeko pribatizazioaren kontra aurkeztutako ebazpen-proposamena ez da onartu.

Joan den azaroan Gasteizko Legebiltzarrak pentsiodunen plataformek aurkeztutako herri- ekinaldi legegileari (HEL) ateak itxi ostean, gutxieneko pentsio duinaren gaia Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran aztertu zuten atzo, Duintasuna elkarteko hainbat kide erakundeko egoitzaren atarian elkarretaratuta zeuden bitartean.

Oraingoan EH Bilduren eskutik eta Ahal Dugu taldearekin adostuta, Jaurlaritzari eta Madrilgo Gobernuari zuzendutako ebazpen-proposamena onartu zen, bi taldeen aldeko bozekin. PSE abstenitu egin zen eta EAJ eta PP, berriz, kontra agertu ziren. Hala, foru erakundeak beste bi erakundeei erretiratuta dauden pertsonei bizi-baldintza duinak ziurtatzeko exijituko die. Hori egikaritzeko beharrezko diren funtsak aurrekontu orokorretatik ordain daitezela jasotzen du erabakiak.

Ildo beretik, baina zehazki Lakuako gobernuari zuzenduz, «pentsio sistema propioa izan arte itxaron gabe», sistema espainolak ordaintzen dituen pentsioak prestazio osagarrien bidez osatzeko erantzukizuna bere gain hartzeko exijitu diote, beti ere gutxienez EAEko batez besteko soldata garbiaren %60ra iritsiz.

Pobreziaren atarian

Ernesto Merino EH Bilduko batzarkideak gogorarazi zuen egun 181.903 pentsiodun daudela Gipuzkoan eta batez besteko pentsioa 1.095,59 eurokoa dela. Hortik beherako pentsiodun askorena, esaterako alargunena, arrunt txikiagoa dela nabarmendu zuen, «zehazki, 747,55 eurokoa eta, autonomoen alargunen kasuan are eta baxuagoa, 523,48 eurokoa», hain zuzen.

Eskubide Sozialen Aldeko Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak pozik agertu dira ebazpena onartu delako, nahiz eta Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu zuten HELean proposaturiko 1.080 euroko pentsio minimoaren bidean «urrats bat» dela irizten dioten.

Bestalde, erretiro-pentsioa jasotzen dutenetatik harago, aintzat hartu beharreko beste kasu larri asko eta asko badirela nabarmendu zuten, «beren bizitza osoan lan izugarria egin duten arren, inolako pentsiorako eskubiderik ez duten pertsonenak, adibidez etxekoandreenak».

Kutxen pribatizazioa

Atzoko osoko bilkuran ere Kutxabanken pribatizazioaren kontrako beste ebazpen-proposamen bat aztertu zen, hori ere bi taldeok –EH Bildu eta Ahal Duguk– aurkeztuta. Kutxen legearen proiektua baztertzea, Kutxabankeko akzioen jabetza berreskuratzeko neurriak hartzea, kutxen pribatizazio prozesua etetea, izaera publiko eta sozialean sakonduko lukeen euskal kutxen legea negoziatzea eta euskal sistema finantzario propioa eskatzen zen bertan.

Proposamenak, ordea, ez zuen aurrera egin, EAJk, PSEk eta PPk kontra bozkatu baitzuten.