GARA
DONOSTIA

Fresneseko euskal presoek eskerrak helarazi dituzte jasotako sostenguagatik

Maiatzean Fresneseko euskal presoek eragile eta herritarrekin batera egindako ahaleginei esker, Itziar Moreno bakartzetik atera izanaren «garaipen txikia, baina ez nolanahikoa» partekatu dute eskutitz bidez.

Fresneseko Euskal Preso Politikoen Kolektiboak gutun bat helarazi du, Itziar Moreno presoa «isolamendu egoeratik atera izanaren garaipen txiki baina zaporetsua» partekatzeko. «Garaipen txikia, baina ez nolanahikoa, espetxe sistema anker honi irabazten diogun espazio orok laguntzen baitigu duintasunez aurrera egiten», adierazi dute.

Bakartze egoera bertan behera geratzea, eskutitza idatzi dutenen ustez, «ezinezkoa zatekeen» Euskal Herriak erakutsi duen «konpromiso eta borrokarengatik izan ez balitz», onartu dute. «Hamaika bide eta ekimen erabiliaz, duintasun eta borroka erakustaldi bikaina egin duzue. Zuen indar eta berotasuna ere zuzen-zuzenean jaso genuen ahaztea zail egingo zaigun maiatzaren 28ko martxarekin. Ezker abertzalea ‘bere’ presoez ahaztu dela eta bazterreratu egin dituela dioten guztiei muturreko galanta eman dio berriz ere gure herri borrokalariak», azaltzen dute idatzian.

«Une zailak» direla onartuta, horiei aurre egiteko «bada indarra, bada gogoa eta bada zeregina», nabarmentzen dute Fresneseko euskal presoek. «Errepresaliatu politikoen aldeko sugarra berpiztu duzue auzo eta herrietako txoko eta bazter guztietan […]. Omenaldirik onena garaipena den gisan, elkartasun adierazpenik indartsuena borroka bera baita».

Morenoren kasua aipatzeaz gainera, gutunean gogoan dituzte Arantza Zulueta, bakartuta dauden gainerako presoak, larriki gaixo daudenak, 70 urtetik gorakoak eta sakabanaketa sufritzen dutenak.

Azken urteetan espetxeetako baldintzak gogortu izanaren adibide gisa aipatzen dituzte, halaber, Fleury, Sevilla eta Villepinteko kasuak. Zentzu horretan, salatzen dute «bahitu politiko gisa erabili» nahi dituztela «kontraesan artifizialak sortu eta zatiketa edo desafekzioa bilatzeko. Euskal Herriak bere independentzia eta burujabetzarako bidea alboratzea erdietsi nahi dute, baina ez dute lortu eta ez diegu lortzen utziko», diote. «Egoera hau gainditzeko, salbuespen legedia eraiste bidean euskal preso politikook gure konpromisoei eutsiko diegu, baina hauek ez dira –euren iritziz–, batzuek ulertarazi nahi duten moduan, umiliazioa, bide pertsonal-indibidualak eta errendizioa, ez. Duintasuna, bide kolektiboa eta borroka baizik».

«Batasuna, elkartasuna eta herriarekiko lotura» ere aipatzen ditu eskutitzak, eta gogorarazi EPPK-k «bere borrokaren oinarritzat» dituela. «Hiru elementu hauek ederki islatuak geratu dira oraingo honetan ere», diote.