Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Jazzaldia 50», mende erdiko kronikak, irudiak eta kartelak

Donostiako jazz jaialdiaren mende erdiko ibilbidearen harira argitaratu dute «Jazzaldia 50», bost hamarkadetan zehar hiriko oholtzetatik pasatu diren artisten argazkiak, kartelak eta edizioen kronikak biltzen dituen argitalpena. Dokumentu grafikoei garrantzia ematen dien argitalpen hau «jazz garaikidearen entziklopedia» dela esan zuten aurkezpenean.

Charles Mingus, Ella Fitzgerald, Dizzy Gillespie, Art Blakey, Dexter Gordon, Chick Corea, Miles Davis, Van Morrison, Ray Charles, Nina Simone, B.B. King, Elvis Costelo, Diana Krall... Berrogehita hamar urtean zehar, maila handiko musikariak igo dira Jazzaldiko oholtzetara eta, jaialdiaren 50. urteurrenaren karietara, mende erdian Jazzaldiak eman duena argitalpen batean bildu dute antolatzaileek.

Jaialdiak 30 eta 40 urte bete zituenean ere argitalpen bana kaleratu zuten baina, oraingoan, «gauzak ondo egin» nahi izan dituztela eta horregatik 50. edizioa amaitu arte itxarotea erabaki zutela azaldu zuen Jazzaldiko zuzendari Miguel Martinek, «edizio berezi horretan jazotakoa ere bildu nahi genuelako».

“Jazzaldia 50” izenpean, urteetan zehar jaialdiko prentsa arduradun izan den Jesus Torquemadak idatzitako urtez urteko kronika laburrak bildu dituzte, baina nagusitasuna argazkiek hartzen dute. Garai ezberdinetan jaialditik pasatu diren argazkilari ezberdinenak –Lolo Vasco, Pedro Parraga, Antonio Alonso, Iñaki Aguirre, Hilario Garrudo, Jose Horna...– dira irudiak eta horiek formatu handian aurkezten dira argitalpenean, zenbaitetan orrialde osoa hartzeraino: «Kalitatezko argazkiak dira eta pisua eman nahi izan diegu, liburu grafikoa osatu, formatu handikoa, argazkiek balio sentimental eta garrantzia handia dutelako guretzat».

Bost mila artista

Kronikez eta irudiez gain, Jazzaldiko kartelen bilduma eta urtez urte jaialditik pasatu diren artisten zerrenda ere jasotzen du, 5.000 guztira: «Aurkibidea egiten ari nintzela konturatu nintzen zenbat jende pasatu den Jazzalditik… jaialdi ikaragarria dugu, gauza on asko eman dituena, eta liburu hau jazz garaikidearen entziklopedia dela esan daiteke», esan zuen Torquemadak.

Liburua tokiko artistentzat «bereziki interesagarria» izan daitekeela ere aipatu zuen, «beraientzat interesgarria delako euren izena artista handien izenen ondoan ikustea eta, gainera, urtez urte ze artista etorri diren, bakoitza zenbat aldiz... dokumentu interesgarria ere bada».

“Jazzaldia 50” argitalpena 35 euroren truke eskura daiteke Fnac eta Elkar dendetan, baita Jazzaldiaren webgunearen bidez ere.