Idoia ERASO
AZKAINE

Azkaineko karrikak argazkiz jantzita egongo dira uda osoan

Azkaineko Argazki Bideak jaialdiak irailera arte edertuko ditu herriko eraikinak, saltegiak eta txokoak urarekin zerikusia duten irudiekin. 58 argazkilariren lanak aurkituko ditu bisitariak. Aurten arte plastikoek eta ikus-entzunezkoek ere izango dute presentzia.

Azkainera heltzean elizaren dorrean dagoen 7 m x 4,60 m-ko irudiak ematen dio ongietorria bisitariari. Portugalgo kostaldean itsasontzi batek ozeanoko olatuei nola aurre egiten dien ikusteak herrian zehar aurki daitezkeen argazkien aurkezpen erraldoia egiten du. Karriketan ibiltzean begiak adi izan behar dira, barreiatuta dauden 250 irudiak deskubritu ahal izateko. Toki ezustekoenetan ikus daitezke jaialdiko protagonistak: ogia erostean, XVII. mendeko etxe baten edertasuna mirestean, merkatu estalian gora begiratzean, bide nagusi zein txikietan...

Gune ezberdinek argazkilari bakoitzaren mundua erakusten dute. Elizako Jacques Hamelen obrak bere ondoan dagoen Zilargia elkarte antolatzailearen egoitzara garamatza, ondoko harategian July Gaudeten tantak dira protagonista. Handik 20 metrora herriko etxeko ezkontza gelara sartzeko ezohiko aukera dago festibaleko gonbidatu bereziaren eskutik. Anne Quemere bidaiari abenturazaleak Artikoan egindako argazkiak daude ikusgai, non natura salbaia, eta iparraldeko inuiten irudiak elkartzen diren.

Ikuspegi etikoa ere landu nahi izan dute irudien eta guneen arteko lotura eginez, horrela itsaso zein ibaietako uretan metatzen diren hondakin plastikoak erakusten dituzten Pascal Reteren irudiak Azkaineko ibaiaren ondoan kokatu dituzte.

Kanpoko argazkilariekin batera elkarteko kide diren Patric Ondicola, Angela Mejias, Amaia Jorajuria edo Daniel Velezen obrak ere ikus daitezke. Bakoitzaren obrei espazio bat egokitu bazaie, plaza dute elkargune, merkatu estaliaren azpian artista ezberdinak dira ikusgai. Bertako lanak abuztuaren 11n kenduko dituzte, festak hasi aitzin, eta momentu horretan erosteko aukera izango da.

Diziplina artistiko anitzak

“Hemengo eta urrutiko ura” da aurtengo edizioko inspirazio iturri, eta argazkilariekin batera beste adierazpide batzuetara ere heldu da. Hori da Laurence Etche churi artista plastikoaren kasu a . Bere “Edateko lastoek” freskagarri bat balitz bezala kontsumitzeko prest jartzen dute herriko garbitegi zaharrean dagoen ura. Bi metroko altuerarekin eraikin zaharreko ura ikuspegi modernoago batetik begiratzeko bidea ematen du.

Aurten Zilargiak Urruñako Itsas-Mendi zinema gelarekin elkarlana abiatu du. Uraren inguruan zer ikusi izango da, 1922ko “Nanouk, l’Esquimau” dokumentala esaterako.