Ruben NIETO
BILBO

«Bihotz salataria», zuzenean erraietaraino doan lan gordina

Iñaki Ziarrusta aktore eta zuzendari bilbotarrak beldurra eragiteko asmoarekin eraikitako bakarrizketa aurkeztuko du bihar Errenteriako Eztena antzerki jaialdian. Erraietatik atera eta publikoaren erreakzioa bilatzen duen antzezlana da Atx Teatroarena.

Duela sei urte ekin zion ibilbide berrituari. Hamazazpi urte Gaitzerdi Teatroan eman ostean, Iñaki Ziarrustak Atx Teatroa sortu zuen profesionalizazio eremura salto egiteko asmoarekin. Bere karrera profesionalean urrats berri bat izan zen aldaketa, baina arrazoi gehiago ere bazituen. «Barruan nituen gauzak aurrera eramateko, barruan nituen proiektu artistikoei bide emateko», antzerki estilo berriak lantzea erabaki zuen. «Barruko su hori kanpora ateratzeko», azken batean.

Ondorioz, 2010ean Atx Teatroa jaio zen. Barru-barrutik ateratzen den antzerkiari bide emateko helburuarekin. Gai gordinak jorratuz eta adierazpide fisikoan oinarrituta. Baina, antzerki konpainia baino gehiago da, kale zein areto ikuskizunak sortzeaz gain, bestelako zerbitz uak ere eskaintzen dituztelako beste taldeentzat.

Erronka arriskutsua zen, baina Ziarrustak azpimarratu duen bezala «sei urte daramatzagu, sei urte bizirik eta oraindik proiektuz beteta». Antzerki mota honentzat publiko bat badagoela ere erakutsi du orain arteko ibilbideak. «Nik banekien antzerki estilo hau ez zela publiko handientzat edo publiko orokorrarentzat. Baina hala ere, uste nuen beharrezkoa zela eta eduki zezakeela aukera bat».

Barruko gogoeta sakonetan iturburua duen estiloa «barruan neukana kanpora ateratzeko» asmoarekin landu du Ziarrustak. «Antzerkia lehenengo niretzat egiten dut», aitortu du. Ondorioz, «ez dut gehiegi pentsatu arriskuetan».

Ibilbide honen fruitu berria “Bihotz salataria” bakarrizketa da. Edgar Allan Poe idazle estatubatuarraren testu bat oinarritzat hartuta, publikoan beldurra sortzeko antzerkia da. Dagoeneko testu honen itzulpen bat egon arren, lan propioa egin dute mendebaldeko euskaraz landuz. «Antzerkia egiten dugunean, lehenengo pentsamoldetik azken punturaino dena euskaraz egiten dugu».

Antzezlan honetan, Ziarrusta bakarrik agertzen zaigu agertokian. Ohe bat baino ez du izango ondoan. Adierazkortasuna da lan honen ardatza. Horregatik, aktorearen behar fisikoa kontuan hartzekoa da. Hauxe baita, Atx Teatroaren ikusmoldean, garunetik harago ailegatzeko bidea. Erraietara zuzen-zuzenean.

“Bihotz salataria”-k psikopata baten gogoetak biltzen ditu. Hilketa batean oinarrituta, protagonista ez da damutuko. Harrotasunez bizi du egindakoa. Bere buru barruan, hildakoaren taupadak entzuten hasten den arte. Horrek bere onetik atera eta bere delitua aitortzera bultzatuko du.

Iñaki Ziarrustak azaldu duenez, «Atx Teatroa-n kaleko ikuskizun handi bat eta monologo bat izaten ditugu beti». Bakarrizketak hazitegi moduan erabiltzen dituzte. «Estreinatu eta hiru-lau urtera horren gainean espektakulu handi bat egiteko. ‘Bihotz salataria’-ren historia zen beldurraren gainean apur bat esperimentu teatral bat egitea, inolako zuzendaritzarik gabe. Etxean egindako esperimentua delako». Beraz, egungo emanaldietatik aterako diren ondorioak eta irakaspenak hemendik lau urtetara egingo duten beldurraren gaineko ikuskizun berrian erabiliko dituzte.

Eztena Teatro Egunak Errenterian

Gaur hasiko da Errenterian Mikelazulo kultur elkarteak urtero antolatzen duen Eztena antzerki jaialdia, eta ostirala bitartean, ezohiko antzerki lanak eta arriskuak hartzen dituzten proposamenak plazaratuko dira bertan.

Ekimenaren bultzatzaileek topagunea eskaintzen dute, sortzaileek, ikusleek eta antolatzaileek komunitate gisa, arteaz gozatu ez ezik, ikuspegiak zabaltzeko eta elkarrizketa kritiko bat elkarrekin josteko.

Esan bezala, gaur bertan altxatuko da oihala, eta “Piezak” saioan, sortze prozesuan dauden hainbat lan taularatuko dira. Aurretik, haurrentzako emanaldi bat izango da, Zaldain Elkarteak eskainitako “Ozeanoaren konkista”, 6 urtetik gorakoentzat, haur liburutegian. Bihar, esan bezala, Axt Teatro-ren “Bihotz salataria” emankizunaz gain, Tripak Kolektiboak “Aitaren larrua” aurkeztuko du. Larunbatean, aldiz, Antzerki Labea eskolako ikasleen eskutik “Mostrak” izango da, euren lanen erakustaldia. Gainera, Las Polis Clown taldearen “Las polis” lana, Cie L’Alakran-en “Cuarto de hora de cultura metafísica” eta Sleepwalk Colletive-ren “El entretenimiento” ikuskizunak ezagutzeko parada izango da. Bukatzeko, Karrika Antzerki Taldeak “Zapoi” obra aurkeztuko du igandean. R.N.