Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Egindakoak txalotu eta pauso berriak eskatu ditu UEMAk Nafarroan

UPN gobernuan zen garaitik alde handia dagoela nabarmendu eta gero, urrats berri eta ausartak emateko eskatu dio UEMAk Nafarroako Gobernuari. Norabide aldaketa gertatu dela onartuta, oraindik bizirik dauden arazoak konpontzeko ausardia eskatu zuten.

Azken urte honetan aurrerapausoak eman direla nabarmendu ondoren, «urrats ausartak» emateko eskatu dio UEMAk Nafarroako Gobernuari. «Eskertzekoa da orain arte izandako elkarlana. Baina urte bat igarota, urrats esanguratsuak egiteko garaia ere bada. Hizkuntza eskubideez ari gara», esan zuen UEMAko presidente Eneka Maizek.

Etxarri Aranazko alkate Maizekin batera, UEMAko zuzendaritzako kide Aitor Elexpuru Berako zinegotziak eta Araitz (Jose Manuel Zubillaga), Baztan (Joseba Otondo) eta Berako alkateek (Josu Irazoki) eta Arantzako Ander Almandozek agerraldia egin zuten atzo Iruñean.

Alor honetan aldaketa sumatu dela adierazi zuen Maizek. Izan ere, UPN Gobernuan zegoenean ez zen inolako harremanik. Otsailean, berriz, lehen bilera izan zuten UEMAk eta Nafarroako Gobernuak, eta elkarlanerako hiru ildo ere aurreikusi zituzten, aurreran tzean lantzeko konpromisoa hartuta. Adibidez, Hezkuntza Departamentuak arnasguneei buruzko tailerrak bertatik bideratzeko interesa agertu zuen, eta euskara sustatzeko politikak kontuan izango dituzten laguntzak ere abian dira.

Halere, konpondu gabeko arazoek bere horretan dirautela gaineratu zuen Maizek. Horietako bat liburuzainen afera da. «Eremu euskalduna» delakoan liburuzain izateko ez da derrigorrezkoa euskara jakitea. 2015ean, Gobernu berriarekin, Beran eta Lesakan egin diren liburuzainen lanpostu eskaintzetan ere ez da euskara jakitea eskatu.

Osasungintza arloko aurrerapausoa ere txikiegitzat jo zuen. 12 lanpostu elebidun jarriko dituzte. «Ez da nahikoa urrats 30 urteotan egondako galgari amaiera emateko», azpimarratu zuen. Izan ere, udalerri euskaldunetan biztanleen %70etik gora euskaldunak dira eta osasun etxeetako langileen artean %27 soilik. Leitzan ere ez dute pediatra euskaldunik oraindik, aspaldiko eskaria bada ere.

Epaileek Baztango Euskara Plana bertan behera uzteak Nafarroan hizkuntza eskubideak kontuan izango dituen lege berri baten beharra agerian utzi duela esan zuen ere Maizek. Nafarroako Kontzejuen eta Udalerrien Federazioa lanean ari da Udal Mapa berri bat proposatzeko eta hortik Udal Lege berria aterako dela espero da. «Eskatzen dugu euskararen gaia eta euskararen arnasguneen beharrak jasoak izan daitezela. Berriz ere ez dadila gerta Baztanen gertatutakoa», esan zuen Eneko Maizek.

«Argi utzi nahi dugu udalerri euskaldunekiko hizkuntza politikak aldaketa izan duela Nafarroako Gobernu berriarekin. Oraindik, ordea, erabaki ausartak eta aurrerakoiak behar ditu Nafarroako hizkuntza politikak. Horiei atea zabalduz, udalerri euskaldunen babes guztia izango du Nafarroako Gobernuak», laburbildu zuen UEMAko buruak.