Andoni Tolosa
Musikaria

Managerrak

Nagusia naizenean managerra nahi dut, niretzat ispiluak, drogak, sosak, errespetu apur bat ziurtatuko duena. Munduko antolatzaile desastre guztiekin eztabaidatu eta baldintza txukunak lortzeko: limusina agertokiraino, tona erdi donuts postrerako, nire izar-itzal dirdiratsuari hautsa astintzeko moduko erregu, eskari eta limurketak. Ez da broma, managerrek arte handia beha r baitute emanaldi txukun baten nahitaezko baldintzen eta kapritxo iragankorren arteko muga ikusezinari tamaina egokia hartzeko. Managerrek handia egiten dute musika, eta musikarien kategorien arabera eska daitekeenaren eta txorakeria denaren arteko mugak ezartzen dituzte. Adibidez, Jagger jaunak nahi duena eska dezake; dozena beltz gominolak zilborrean jaten «blow sugar» kantatzen duten bitartean; Morauk gehienez ekipo txukun bat eta musikariarekiko errespetua. Hori lortzen duen managerrik ba al dago? Emadazue haren telefonoa, ez baitut oraindik halakorik topatu. Baina ezezkoan nago. Musikarien apetarik lerdoenak betetzeko lan horrek pop musikaren klasismoa zedarritzen du. Zenbat eta handiago arrakasta, orduan eta gauza arraroagoak eska ditzakezu: zaldi arrosa, urrezko komuna edo eskuz egindako dozena bat enpanada. Ez da arraroa, musikaren industriaren eskakizun logikoa baino ez, zenbat balio halakoak eskatu. Horregatik nahi dut manager bat, bokata txukunak eskatu, gasolina ordaintzeko adina dirutza, edota musikariaren larruan jartzeko gaitasuna hedatuko dutenak. Horiek bai managerrak.