G. M. ZUBIARRAIN
BAIONA

Fernandez Iradi askatzeko bidea berrireki du Kasazio Auzitegiak

Estatu frantseseko auzitegi gorenak hankaz gora bidali ditu Parisko Zigorrak Betearazteko Auzitegiak lasartearra ez askatzeko erabili zituen argudio juridikoak eta kasua berriro aztertzeko agindu dio epaimahai berri bati. Defentsak «pozik» hartu du albistea eta erabakiaren garrantzia azpimarratu, nahiz eta «dena beranduegi» datorren harentzat.

Kasazio Auzitegiak, garrantziari dagokionez Estatuko auzitegi gorena denak, atzera bota du duela urtebete pasa Ibon Fernandez Iradi ez askatzeko Parisko Zigorrak Betearazteko Epaitegiak erabili zuen argudiaketa eta euskal preso politikoaren askatasun eskaera berriro aztertzeko agindu dio, ekainaren 22ko erabakiarekin, epaitegi horri.

Lasartearraren defentsak «oso-oso berri ona» delako poza agertu zuen atzo Baionan eta ikuspuntu juridikotik «garrantzi handiko albistea» dela gehitu. Lehenik eta behin Fernandez Iradirentzat, bera aske geratzeko aukera berriro litekeena izatea dakarrelako –begirada Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian jarria zutela onartu zuen Maritxu Paulus-Basurko abokatuak–, bai eta «aurrekari judizial bat» sortzen duelako ere. Kasazio Auzitegiak, izan ere, ez du ontzat eman espetxe erakundeei baldintza batzuk betetzeko eskatuta presoa atxilo mantentzeko epaileek hartu zuten erabakia, horrek euren «ardurari muzin egitea» dakarrelako.

Atzera atariko lauzan

Auzitegiaren deliberoak atariko lauzara ekarri du Fernandez Iradiren kasua; alegia, berriro aztertu beharko dute hastapenetik defentsak zigorra eteteko duela hiru urte eta erdi lehen aldiz aurkeztu zuen eskaera, «bere gaitza eta espetxean jarraitzea bateraezinak» direla argudiatzen zuena. «Itxaropentsu» agertu da Paulus-Basurko, euskal presoen eskaerekin «zurrun» jokatzen duen Parisko epaitegiaren osaketa aldatzeko agindu baitu Kasazio Auzitegiak.

Ikusteko dago zer bide hartuko duen Zigorrak Betearazteko Areto eraberrituak. Esku artean dituen elementuekin ebatz dezake afera, edota aditu medikoei txosten berria eskatu –azkena duela urte eta erdikoa da–; hala balitz, epeak dezente luza litezke. Hala ere, bere garaian espetxean mantentzeko epaitegiak eskatu zituen baldintzak «administrazioak ez dituela bete» salatu zuen defentsak eta froga sorta metatua dutela hori baieztatzeko. «Epai hura hutsala» izan zen abokatuarentzat, bateraezinak direlako espetxea eta presoak behar duen zaintza.

Fernandez Iradik albistea «pozik» hartu duela jakinarazi zuen Paulus-Basurkok, baina oraingoz bere egunerokotasuna ez denez aldatuko, estres eta kezka egoeran bizitzen jarraituko duela. «Dena beranduegi iritsiko da harentzat», deitoratu zuen.