I.S.
GASTEIZ

«Mozal Legea» ezarri zenetik 1.613 isun jarri ditu Ertzaintzak Araban

«Badirudi, tamalez, arabarrok txapeldun garela Herritarren Segurtasun Legearen isun kopuruari dagokionez». Hala adierazi zuten atzo Goizane Pinedo eta Nagore Enciso herri mugimenduko kideek, “Mozal Legea” onartu zenetik Ertzaintzak 3.959 isun jarri dituela jakinarazita: 429 isun Gipuzkoan, 1.907 Bizkaian eta 1.613 Araban.

Atzo emandako prentsaurrekoan, “Mozal Legea” bertan behera uzteko exijitu zioten Madrilen osatuko den gobernuari, Gasteizko Legebiltzarrak lege horren aurka onartutako ekimena txalotu zuten, eta martxoaren 31 arte Ertzaintzak “Mozal Legearen” bidez jarritako isunak baliogabetzeko eskatu zuten.

Eskakizun horiek indartze aldera, datorren ostiralean “Mozal Legearen” aurkako elkarretaratze bat egingo dutela iragarri zuten. Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan ere izango dira halako mobilizazioak.