GARA
DONOSTIA

EH Bilduk udalbatza utzi du Gascoren salaketen aurrean

Donostiako EH Bildu udal taldeak udalbatzaren atzoko osoko bilkuran arratsaldeko saioan jorratu beharreko ekimen guztiak erretiratu zituen eta Udalbatzar Aretoa utzi zuen, Ernesto Gasco alkateordeak egindako salaketen ondoren.

PSOEk Donostiako 2016 Kultur Hiriburutza modu alderdikoian erabili izanari buruzko EH Bilduren mozioa eztabaidatzen ari ziren, eta Gascok «arerioak sarraskitzen lagundu izana» leporatu zien EH Bilduko zinegotziei. Amaia Almirall EH Bilduko bozeramaileak adierazpen horiek zuzentzeko eskatu zuen. «Alkateordeak ñabardura batzuk eginda uko egin dio zinegotzien kontra zuzenean egindako salaketak zuzentzeari. Alkateordearen maniobra garbia izan da; garbia bezain zikina: eztabaida lokaztu nahi izan du, PSOEk Kultur Hiriburutza alderdikeriaz erabili duela ezkutatzeko», salatu zuten udalbatzaren ostean EH Bilduko udal ordezkariek.

Joan den maiatzaren 28an San Telmo museoan, “Miradas sobre la crisis de refugiados sirios” hitzaldia egin zen. Hura iragartzeko kartelak Energia Olatuek sustatutako ekimena zela zioen, eta San Telmo Museoaren eta Donostia 2016ren logoak ageri ziren bertan. Beste inongo erakunde edo alderdiren irudirik ez zen ageri.

Baina Denis Itxaso PSOEko ordezkari eta Kultura foru diputatuak larunbat goizean bertan Twitterren adierazi zuenez, PSOEko gazteriak antolatutako ekitaldia zen.

EH Bilduk «onartezintzat jotzen ditu bere kideen kontrako eraso hauek eta eztabaida desbideratzeko eta lokazteko alkateordeak egindako maltzurkeriak». Adierazpenok zer ondorio duten aztertuko du Donostiako EH Bilduk.