GARA
DONOSTIA

Giza eskubideen arloko baliabide pedagogikoen zentroa izango da Aieten

Lakuako Gobernuak, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak Aieteko Giza Eskubideen Arloko Baliabide Pedagogikoen Zentroaren proiektua aurkeztu zuten atzo. Adierazi zutenez, giza eskubideei buruzko hezkuntza tresna zehatzak –filmak, dokumentalak, testuak, antzerki lanak eta literatura lanak– «bildu, sortu eta dibulgatuko» ditu zentroak, eta «beste eginkizun eta esanahi batzuk» emango dizkio Aieteko Bakearen Etxeari, Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzaren ondarearen parte izanik.

Zentroak hiru jarduera ardatzekin (hezkuntza pedagogiarekin, gizarte pedagogiarekin eta herritarren parte hartzearekin) lotzen diren baliabideak biltzen, sortzen eta dibulgatzen lan egingo du. Horrez gain, «zentroaren motorra» izango diren urteko bi ekitaldiren inguruan bilduko da bere jarduera. Alde batetik, Giza Eskubideetako Baliabide Pedagogikoen Azoka egingo da, bere tresnen sormenean oinarrituta; hau da, «bertatik sortzea» izango duena oinarri. Azoka materialen eta baliabideen erakusketa izango da, baita jende guztiarentzako jarduerak barnean hartuko dituen topagunea ere. Bestetik, nazioarteko mintegia antolatuko da. Jarduera honen helburua izango da mundu osoan giza eskubideen arloan garatzen diren baliabide eta esperientzia pedagogikoak eta parte hartzaileak erakustea eta aurkeztea. «Kanpoan egiten dena biltzea» izango da asmoa, azaldu zutenez.