GARA
BAIONA

Espagnacek euskal presoei buruzko galdera pausatu dio Justizia ministro frantsesari

Espetxeratuen sakabanaketari eta senideek bisitak egiteko egin behar duten distantziari buruzko galderari erantzuteko bi hilabeteko epea izango du Jean-Jacques Urvoas Justizia ministroak.

Euskal presoen egoerari buruzko kezka Justizia Ministerio frantsesera iritsi da berriz, Kazeta.eus atariak atzo jakinarazi zuenez. Izan ere, ekainaren 30ean, Frederique Espagnac senatariak idatzia zuzendu zion Urvoas ministroari «presoen familiei beren etxetik kartzelaraino duten distantziak eragiten dizkien zailtasunei eta malgutu behar liratekeen bisiten baldintzei erantzuteko zein irtenbide proposatuko duen» galdetzeko.

Senideek egin behar izaten duten distantzia batez beste 400 kilometrokoa dela oroitarazi zion senatariak. Adeline Hazan ikuskatzaileak euskal preso gehienak beren familiengandik urrun egon behar izatearen inguruan kezka agertu eta gero egin zuen galdera Espagnacek. Honek, Estatu frantsesean diren euskal presoen egoera ezagutzera eman zuen Asanblea Nazionaleko Legeen Batzordean haien arazorik handiena «distantzia geografikoa» dela adieraziz.

Haren aburuz, familiekin harremanak izateko moldea malgutu beharko litzateke. «Hazan oso errespetatua den emazte bat da gure familia politikoan. Jean-Jacques Urvoasek zuzendu duen Legeen Batzordean bere iritzia plazaratu izana ez da ekintza hutsala», adierazi zuen senatariak. Ministroak bi hilabeteko epea du erantzuteko.

Elkarretaratzeak

Presoen eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzeak izan ziren ere atzo makina bat txokotan: Mutriku (55), Bergara (60), Deba (35), Zarautz (130), Agurain (43), Amurrio (60), Lezo (15), Lazkao (67), Durango (74), Galdakao (86), Arbizu (40), Antzuola (35), Berriz (16), Oñati (56), Lekeitio (90), Lizarra (32), Usansolo (19), Beasain (67), Mundaka (19), Legorreta (17), Andoain (44), Ondarroa (168), Gatika (7), Hernani (180), Hondarribia (34), Gasteiz (360), Errenteria (148) eta Donostia (143).