Markel IRIZAR
Trek - Segafredoko txirrindularia

Bernako lokomotora

Bi aste, hamalau etapa jan dizkiogu Frantziako Tour honi. Etapa bat gehiago egin eta Bernara iritsiko gara bigarren atseden egunera. Momentuz etaparik irabazi ez dugun arren, inork gutxik esperoko lukeen "eszenario" baten jartzen gaitu Tour honetan.

Oraindik asko falta da Tourra bukatzeko, baina Bauke sendo eta konfiantzaz dugu, eta guretzat talde bezala «demasa» izango litzateke Tour honetako bigarren postuan bukatzea. Hala ere, hori gertatzeko oraindik asko falta da, eta aurrena Bernako atseden eguna gozatu eta pilak kargatzea tokatzen da. 

Atseden eguna Bernan izango dugu. Suitzako hiriburuan jaio zen gure Cance, eta berarentzat oso berezia izango da bere profesional azken urtean bere jaioterrira iristea. Guretzat, talde bezala, izugarrizko aldaketa garaia dator.  

Bernako lokomotorak bizikleta uzteak, taldeko izar eta lider gabe uzten gaitu, eta UCIk ez duenez uzten abuztuaren 1era arte fitxaketen berri ematen, aurreratu ahal dizuet gure taldea ganoraz eta azti ibili dela Fabiani erreleboa bilatzeko orduan. 

Garai berriak datoz, Fabianen itzala ikaragarri handia izango da, baina guretzat talde bezala erronka izango da Fabian gabe ere konpetitiboak izatea. 

Horrela ba, txirrindularitzak azken urtean eman duen txirrindulari ikusgarrienetariko baten etxetik agurtzen naiz etzi arte. 

Ondo izan.