Amalur ARTOLA
GASTEIZ

Kultur jaialdiak sustatzen jarrai dezala eskatu diote Lakuari

Lakuako Gobernuak 370.000 euroko partida bat bideratu zuen iaz kultura arloko jaialdiak sostengatzeko eta, aurtengo aurrekontuetan ere partida hori aurreikusia bazegoen ere, ez da deialdirik egon. EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrera eraman du eztabaida.

EH Bilduren proposamenez, Gasteizko Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordea «60 kultur jaialdi diru laguntzarik gabe utzi izanari buruz» jardun zen atzokoan. Estitxu Briñas legebiltzarkideak azaldu zuenez, partida honen bidez iaz 370.000 euro banatu ziren euskal kultur sarea sustatzen duten 60 jaialdiren artean, eta, aurtengo aurrekontuetan partida ageri bada ere, deialdirik ez dela egon salatu zuen Briñasek: «Aurten diru laguntzarik ez dela egongo abisatu gabe egin dute gainera, dagoeneko gastuak egin dituzten hainbat jaialdi desagertzeko arriskuan jarriz». Iaz laguntza hori jaso zuten euskal kultur sarean ezagunak diren jaialdi askok, tartean Lekeitioko Kale Antzerki jaialdia, Kultur Errota, Bidasoa Folk, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak, Eako Poesia Egunak, Euskal Zine Bilera, Araiako Umore Antzerki jaialdia, Getxophoto, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa edota Loraldia, besteak beste.

«Horietako batzuek antolatu dute jada jaialdia baina, esan bezala, ez zaie jakinarazi aurten ez dutela diru laguntzarik izango eta, beraz, kubritu ezingo dituzten gastuetan sartu dira», salatu zuen Briñasek, horien artean urte askotako ibilbidea duten jaialdiak daudela nabarmendu zuen eta Kultur Hiriburutzak laguntzen etete honetan izan dezakeen eraginaz jardun zen: «Donostia 2016ren albo kalteak ote dira hauek?».

Makroegiturak

Briñasek salatu zuenez, Lakuako Gobernuak daraman kultur politikaren ondorioz aurrekontu «berez murritzeko» zati handienak makroegiturek –Tabakalera eta Guggenheim aipatu zituen– eramaten dituzte, herrigintzatik sortzen direnak bigarren mailan utziz.

Eztabaidaren ostean, EH Bilduk eta PSEk adostutako bi puntuak onartu zituen Batzordeak: batetik, aurreko urteetan bezala aurten ere partida hori bideratu eta deialdia egin dezala exijitu zioten Lakuari eta, bigarrenik, hurrengo urteetan ere partida hori manten dezala eskatu zioten. Legez besteko proposamena EH Bilduren eta PSEren botoen bidez onartu zen. EAJk kontra bozkatu zuen eta PPk abstentzioaren alde egin zuen, Carmelo Barriok azaldu zuenez, «egoera azaltzen duen konturen bat egon daitekeelako». «Atentzioa ematen du halakoez eztabaidatzen egoteak, partida onartua badago normalena bere bidea egitea delako. Eta arazorik badago, azal dezatela», eskatu zuen Barriok.