Jose Manuel CASTILLO
DONOSTIA

Donostiako Piratek egitarau zabal eta anitza aurkeztu dute Aste Nagusirako

Kaiko ohiko La Flamenka guneaz gain, aurten Donostiako auzo periferiko guztietara jaia zabaltzea dute helburu piratek. Urtero bezala, abordatzea izango da ekitaldi nagusia, eta abuztuaren 15ean izango da. Horrez gain, ehunka kontzertu eta ekitaldi antolatu dituzte.

“Gora kai herrikoiak!” lelopean, atzo aurkeztu zuten Aste Nagusirako egitaraua Donostiako Piratek. Espazio publikoaren erabilera eta parte-hartzea aldarrikatuz, hamar kofradiek euren egitarau propioa ere aurkeztu zuten. Urtero bezala, jai eremu nagusia kaian kokatutako La Flamenka gunea izango da. «Kaia parte-hartzearen, festaren eta alaitasunaren eremu da aste osoan zehar, eta etorkizunari begira hala izaten jarrai dezala dugu helburu», aldarrikatu zuten.

Abuztuaren 13an 18.30ean, La Flamenka gunetik jaurtiko duten txupinazoarekin emango diote festari hasiera. Bertan kofradia guztiak bilduko dira «jai herrikoiez» gozatzen hasteko. Aurten ere Abordatzea izango da ekitaldi nagusia, abuztuaren 15ean. Goizetik kaira gerturatzen diren ehunka kuadrillek euren baltsa eraikitzeko txandak antolatuko dituztela aurreratu zuten. Eguerdian, Motxila 21 talde nafarrak girotuko du bazkaria, eta ondoren, 17.00etan, kaitik «Donostia abordatzeari» ekingo diote.

Bestalde, piraten helburu nagusietako bat herriko auzo guztiak jai giroz alaitzea izango dela azaldu zuten. Horretarako, besteak beste, Grosen eta Intxaurrondon ere ekitaldiak antolatuko dituzte. Umeek euren egitarau propioa ere izango dutela nabarmendu zuten. Abuztuaren 18an, Abordatze Txikia egingo dute eta bertan gaztetxo zein gurasoek parte hartu ahal izango dute.

Prebentzio protokoloa

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere eraso sexisten aurkako protokoloa antolatu dute piratek eta telefono zenbaki bat ere izango da eskuragarri edozein eraso salatzeko.

Horrez gain, oraindik ere Udalarekin ordutegiak negoziatzen ari direla azaldu zuten. Udalak ezartzen dizkien ordutegiak «oso murritzak» baitira tabernarienekin alderatuta. Horregatik, mezu aldarrikatzailea luzatuz amaitu zuten prentsaurrekoa: «Kalea, jaia eta gaua gureak dira; baztertuonak, erasotakoonak, emakumeonak. Gure tokia hartzera gatoz!».