GARA
BILBO

Konpartsek eta Etorkintzak alkoholari buruzko kanpaina abiatu dute Bilbon

Alkoholaren kontsumoaren arriskuak murrizteko eta esparru honetan jarrera arduratsuak hedatzeko, kanpaina abiatu dute Konpartsek eta Etorkintzak, Aste Nagusira begira dagoen hirian. «Egiazko informazioa, objektiboa eta ez moralizatzailea» zabaltzea dute xede nagusia.

Bilboko Konpartsek eta Etorkintza Elkargoak alkoholaren kontsumoaren arriskuak murrizteko kanpaina abiatu dute elkarrekin. Atzo azaldu zutenez, euren helburua Aste Nagusian alkoholaren kontsumoari buruzko «egiazko informazioa, objektiboa eta ez moralizatzailea zabaltzea» da, jendeak egiazko informazioa jaso dezan eta, ondorioz, bere erabakiak har ditzan. «Ez dugu inor epaitu nahi. Informatu eta aholkuak eman, besterik ez», azaldu zuten.

Kanpainaren berri emateko, agerraldia egin zuten Areatzan, eta bertan, alkoholaren kontsumoa txarto kudeatzeak ekar ditzakeen ondorioak aurkezteko antzezpen bat egin zuten.

Adierazi zutenez, alkohol gehiegi edo bestelako substantziak hartzearen eragin kaltegarriak murrizteko zenbait arau erraz jarraitzean dago gakoa. «Edatekotan, ondo pasatzeko edaten dugu. Horretarako munduko agertokirik onena da Aste Nagusia. Inork ez du txarto pasatu nahi; beraz, gogoratu beti zerbait jatea, edan ura tartean deshidratazioa ekiditeko eta saiatu edari ezberdinak ez nahasten», laburbildu zuten.

Gomendio hauetaz gain, sentsibilizazio kanpaina honen barruan, aurreko urteetan bezala, alkohola hartzearen faseak azaltzen dituen gida txiki bat eskainiko dute jaietan. Gida hori herritarren artean banatuko dute eta txosnetan izango da eskuragai, kontsumoari lotutako arriskuak ekiditeko asmoz.

Jarrera arduratsua

Konpartsek, bestalde, lehen sorospenei buruzko liburuxka handiago bat izango dute, larrialdi uneetan erabiltzeko diseinatua eta intoxikazio larrien kasuan hartu beharreko neurriak jasotzen dituena. Agerraldian, honako hau ere gogorarazi zuten «plazer eta arriskuak ezagutzean eta baloratzean oinarritutako erabaki pertsonala da kontsumoa. Garrantzitsuena norberarekiko eta besteekiko jarrera arduratsua izatea da».