Ainara LERTXUNDI
DONOSTIA

Prozesu soberanista lehenbailehen martxan jartzera dei egin du Sortuk

Donostiako jaien hasierarekin batera eginiko manifestazioaren bukaera ekitaldian, Sortuko ordezkari Arkaitz Rodriguezek prozesu soberanista lehenbailehen martxan jartzera deitu zuen. «Hori herri aktibaziotik eta mugimendu independentista sendo bat eraikitzetik pasatzen da. Gure esku dago», nabarmendu zuen.

“Sortu Euskal Errepublika. Gora Herria!” lemapean, 2.500 bat lagunek manifestazioa egin zuten atzo Donostian, Sortuk deituta. Abiapuntuan Artzain Onaren katedralaren kanpoaldean zen. Beste ekitaldi batzuetan bezala, asko izan ziren Arnaldo Otegi agurtzera gerturatu zirenak, tartean preso ohiak eta kartzelan ezagututako aspaldiko lagunak.

Ibilbidean zehar, independentziaren eta euskal presoak herriratzearen aldeko oihuak entzun ziren. Zuloaga plazara iristean, Sortuko kide Arkaitz Rodriguezek hartu zuen hitza prozesu soberanista bat lehenbailehen martxan jartzeko beharra nabarmentzeko. «Azken urteak ez dira errazak izan. Akatsak egin ditugu, bai, batzuk potoloak gainera. Baina aurrera ere egin dugu eta hori baloratu beharra dugu. Estatu espainola sekula bizi izan duen krisi handienean dago; ez da inoiz hain urduri egon. Independentismo indartsu bat egoteak jartzen du urduri eta hori ezker abertzaleak lortu du. Ez dugu nahiko genukeen bezala aurreratu, baina aurreratu egin dugu. Horra hor Lizarra, Tafalla, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Bilboko Autonomia kaleko argazkia edota erabakitze eskubidearen aldeko mobilizazioak. Egin beharreko galderak nora goazen eta non gauden dira», nabarmendu zuen Rodriguezek.

Ezker abertzaleak egindako diagnostikoa bete egin dela gaineratu zuen. «Estatu espainolean ez dago aldaketarik egiterik, ez dago hura demokratizatzerik. Ez dago aukerarik, horregatik erabakitzeko prozesu bat martxan ipini behar dugu gure kabuz, herri honek Estatu duin bat merezi baitu. Hemen posible da aldaketa sakona egitea; horregatik, beste indarrei dei egiten diegu prozesu soberanista bat eraikitzeko. Izan ere, datozen asteetan, Madrilen, izan litekeen gobernurik atzerakoi eta murriztaileena osatuko da. Dagoeneko iragarri dituzte 20.000 milioi eurotik gorako murrizketak. Eta aurreratzen hasi dira, 2018rako, erretiratuek ez dutela paga estrarik izango. Eta badakizue nork ordainduko dituen murrizketa horiek guztiak? Euskal Herriko langileok. Zergatik? Espainol izateagatik. Hiritar espainol izaten jarraitzeagatik».

«Kalez kale, lantegiz lantegi»

«Martin Luther Kingek amets bat zuela esan ohi zuen. Nik ere amets bat dut: iraileko hauteskundeetan independentismoa determinantea izatea eta Estatuari bigarren fronte bat irekitzea. Kataluniako prozesua lagundu behar dugu. Amets hori errealitate bihurtu behar dugu, hori izango baita Estatuaren amesgaiztorik okerrena. Hori lortzea gure esku dago, baldintzak daude horretarako. Ezker abertzaleak kalera atera behar du. Kalez kale, herriz herri, lantegiz lantegi joan behar dugu jendea gureganatuz irailean amets hori gauzatzeko», nabarmendu zuen txalo artean.

Presoak eta iheslariak ere maiz aipatu zituen eta errepideetan, astebururo bezala, zeuden senideei besarkada bat luzatu zien. Uztailean hil zen Doris Benegas ere gogoratu zuen. Azkenik kurduak zoriondu zituen Minbejetik Estatu Islamikoa kanporatzeagatik eta Fidel Castro atzo 90 urte betetzeagatik.