Surflari ernegatua

Lehen ur jantzia

Bi ohatze, armairu bat, ehunka poster eta mila amets zituen logela hartan sartu nintzen lehen aldian hiru minutu egin nituen begiak kliskatu gabe, malkoek begira nengoen Mark Richardsen irudia lausotu zidaten arte, aho zabalik, izoztuta; ez nuen begirik itxi nahi, begi ninien leihoa irekitzean surflari australiarra desagertuko zen beldur nintzen. Baina denborak aurrera egin ahala, hark han jarraitzen zuen, bere bainujantzi gorriekin, txikota gabe, belaunak tolestuta, eskuarekin Sunseteko olatu baten ura laztantzen.

Leirek esan zidan, bere anaiak saltzeko neoprenozko jakatxo bat bazuela eta hari txiki geratzen zitzaionez ea erosi nahi nuen. Mikelek txapelketa batean irabazitako ur jantzia zen, mauka motzekoa, soilik gerritik gora janzteko horietakoa. Kremailera aurrealdean zuen, plastikozkoa, ez herdoiltzeko, oraindik gauzak irauteko egiten baitziren garai hartan. Bularraldean, ezkerrean, Rip Curl markako logotipo borobila zuen, neopreno beltzaren gainean itsatsita, eta alboetan, lepotik ukalondoetara, marra arrosa bana zituen. Usaina ere gogoratzen dut, baina ez naiz gai zaporerik gabeko lurrin haren izatea deskribatzeko.

Erosi egin nuen. Ez dut oroitzen zenbat ordaindu nuen, ez dirua nondik atera nuen, ezta jaka hark non amaitu zuen ere, baina nire lehen ur jantzia izan zen eta sekulako zirrara eragin zidan. Ametsen gela hartatik atera eta laster batean etxeratu nintzen, bainuontzia ur hotzarekin bete eta proba egin nahi nuen. Txaparroa eta jaka jantzi eta buruz gora etzan nintzen. Handik, more koloreko atera nintzen, dar-dar betean, hitz egiteko ere zailtasunak nituen. Baina anaiak ea zerbait berotzen zuen galdegin zidanean baietz erantzun nion, «krixton pila» berotzen zuela. Egun hartatik hazteari utzi nion, txiki geratu nintzen eta koskabiloak txitxirioak bezalakoak ditut ordutik. Txiki geratzeak arazo gehiago ere eman zizkidan aurrerago; neguko lehen ur jantzia erosi nahi izan nuenean, adibidez, ez zeuden ni bezalako ipotxentzako jantziak. Jada koloreak galduak zituen bigarren eskuko Rip Curl bat zen hura ere. Sabelaldean neoprenoa tolestu eta gerriko batekin lotuta sartu behar izaten nuen uretara, belaunetan behera eror ez zedin. Zenbat istorio lehen ur jantzi haien kontura. Eta Xigorrek lepoaldea ez urratzeko asmatu zuen lehen likra, lepo luzeko kamiseta lakarra, Lacoste markako elastiko haien antzekoa, sekulako azkura eman eta elektrizitate estatikoa sortzen zuena. Oroitzapen onak, ezagutzen ez genuen mundu bati forma ematen hasi ginenekoak.

Orain, gaztetxoak ikusten ditut moilan saltoka, neguko ur jantzi luzeekin. Guk gure lehen neopreno haiekin bizitakoa sentituko ote dute haur horiek ere gurasoek kolore argiko ur jantzi berri-berria oparitzen dietenean? Ez dut uste, agian gehienek ez, baina badakit gutxi batzuek baietz. Haien begiradetan ikusi izan baitut begiak ez kliskatzeko guraria. Ederra da ezer gutxirekin halako ametsak osatzeko gaitasunari eustea. Agian, zerotik hastea komeni zaigu, alegia, lantzean behin ditugun ondare materialak desegin eta gure egin ditugun behar faltsuak erantzi, eta berriz hasi, harridura, sormen eta sentipen gaitasuna galdu aitzin.