Jose Manuel CASTILLO
ALDREBES EGUNA

BERTSO SAIOA ETA PLAY-BACK LEHIAKETA KAIA GIROTZEKO

ESKIFAIA KOFRADIAK ALDREBES EGUNA OSPATU ZUEN ATZO. HERRI BAZKARIAN LEPORAINO BETE ZEN FLAMENKA, SEI BERTSOLARI GAZTEK GIROTU ZUTEN MAHAI-BIRA ETA PLAY-BACK LEHIAKETA ZEIN DJAK EZ ZIREN FALTA IZAN.

Aste Nagusia amaitzen doa, baina Piratei ez zaie animorik falta azken egunera arte kaleak alaitzen jarraitzeko. Atzo, Eskifaia kofradiari egokitu zitzaion Aste Nagusia animatzeko lana, bere Aldrebes Egunarekin. Parranda egunen ondorioak nabaritzen doazen arren, kofradia guztietako piratek Flamenka bete zuten bazkari herrikoirako.

Bazkalostea alaitzeko asmoz, Lehen Ontziolako Bertso Txapelketa antolatu zuten Piratek. Bertan, sei gaztek hartu zuten parte, lehian bai, baina batez ere ikusleei irribarre bat lapurtzeko asmoarekin. Bertsolariak mozorroturik igo ziren oholtzara eta gai-jartzaileek proposatu zizkieten gaiak ere parranda girorako aproposak izan ziren. Ligoteoa, mozkorrak, bertsolariek egindako aldrebeskeria handiena eta Eneko Goia bera ere izan zuten gogoan. «Goiari agur bat, beti ari baita laguntzak ematen kanpokoa danari», gogoratu zion bertsolarietako batek alkateari, Donostia eta turismoaren afera dela-eta, ironiaz. Irabazle suertatu zen Semaforoak taldeak, altxor kutxan jaso zuen saria. Nola ez, azken agurrean oso presente izan zen aldarri feminista eta eraso sexisten aurkakoa –are gehiago Zarautzen izandako eraso salaketaren ondoren– eta gomendio bat festak amaitzeko: «Ondo aprobetxatu festak dakarren azken arnasa».

Festa ez zen bazkalostean amaitu, arratsaldeko seietarako Kalepoza kofradiak play-back lehiaketa baitzuen prest Lasta gunean –Flamenkatik oso gertu–. Bertan, kofradia ezberdinetako kide saltseroenak oholtza gainera igo ziren, abeslari eta talde mitikoak, egungoak zein zaharragoak, imitatzera. Giroa berotzen hasteko Maria Isabel andaluziarren “Antes muerta que sencilla” abestiaren bertsioa egin zuten. Jarraian, lehiaketako sorpresetako bat etorri zen, Shakira ospetsuaren play-backa egin zutenean. Partaideek, gehienbat mutilek, ez zuten lotsarik izan abeslari kolonbiarraren sabel dantza imitatzen saiatzeko. Pirata nostalgikoenek ere izan zuten gozatzeko tartea, Freddie Mercury hil zela 25 urte betetzear daudenean, Queen talde mitikoa edota Village People disko taldea ere igaro baitziren oholtzatik. Azken hauek txalo zaparrada jaso zuten, Bihurriak kofradiarekin batera dozena bat haur igo baitziren.

Kaitik gerturatzen zen kurioso eta “giri” asko harrituta utzi zituen donostiar hauen poz eta erritmoak. Topikoa badirudi ere, andaluziar kuadrilla batekoek barre artean honakoa komentatzen zuten: «Pues va ser que estos vascos no son tan sosos como nos han contau».

Azken eguna

Gaur dute azken jai eguna Piratek eta egitarau oparoa antolatu dute. Goizean bizikrosa, arratsaldean batukada feminista... eta igandean jada ohitura bihurtu den bezala, Irrikitaldia egingo dute Aste Nagusia ixteko.